GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kanpoan bai, baina barruan ere animatuta egon zen Arriaga

p020_f04.jpg

 anire RENOBALES |

Aste Nagusia hasi zuten atzo bilbotarrek. Arratsaldea ondo hasi zen, bai Arriaga antzokiaren kanpoaldean, baita barnealdean ere. Jende pila bat bertaratu zen eta irekiera ezin hobea eman zioten aurtengo festei. Antzoki barruan, dena prest zegoen ohiturari heltzeko; alkatea, dantzariak, musikariak, pregoilaria... baina bat falta zen.

Larraitz Cisneros Altxa Porrue konpartsako kide eta aurtengo txupinera berandu eta korrika ailegatu zen Arriaga antzokira. Bilboko alkate den Iñaki Azkuna, iazko txupinera eta pregoilaria (Marta Gerrikabeitia eta Marivi Bilbao) eta Kepa Junkera argazki saioa hasita zutenean, txalo artean sartu zen atetik Larraitz Cisneros.

Irribarrea aurpegian, berehalaxe, bere lekua hartu zuen eta flashek euren jarioa jarraitu zuten. Baina, bat-batean, algarak hasi ziren Bilboko Konpartsetako kideetako batzuk Antzokira sartzerakoan. Ezkontza bat antzezten ari ziren. Zergatik? Bilboko Udala eta Bilboko Konpartsak ezkondu egin direlako, dena ondo joan dadin. «Gora ezkonberriak!» eta «Musu! Musu!» oihuek jarri zioten umore puntua arratsaldeari.

Segidan, aurresku bat dantzatu zuten bi dantzarik antzokiko hallean, eta goiko solairurako bide zuzena hartu zuten protagonistek. Goialdean, Marijaia itxaroten zegoen agertoki txiki batean. Festen derrigorrezko aurkezpena egin ostean, beste flash zaparrada bat. Urtero egiten den moduan, omenaldi bat egin zuten; eta aurten Toño Frade izan zen aukeratutakoa, idazlea eta marrazkilaria bera. Hori amaituta, bertan zeuden hedabide guztiek euren zereginari ekin zioten, eta gainontzeko gonbidatuak prestaturiko koktelerantz abiatu ziren.

«Konpartsen jaitsieran izan naiz eta korrika eta berandu sartu behar izan dut jende artean, baina ondo», esaten zuen Cisnerosek. Nahiz eta presaka ailegatu, konpartsera honentzat jaia hasi baino ez da egin. «Txupinazoa bota bezain laster, txosnak irekiko ditugu», jarraitzen zuen. Mozorrotutako jendea agertuz joan zen pixkanaka. Txinatarrak, ezkongaiak, drag queen bat, cat woman... nahasi ziren antzokia betetzen zuen jende multzoaren artean. Konpartsetako kide batzuk ere izan ziren bertan. Besteen artean, Aixe Berri, Altxa Porrue, Hontzak edo Tintigorri konpartsetako kideak.

19.00ak heldu ziren eta jendea leihoetan pilatzen hasi zen. Kanpoan, ikurrinak ziren nagusi eta presoen aldeko pankarta handi bat ere bai. Ez zen arimarik sartzen Arriagako enparantzan. Bai kanpoan, bai barruan, guztiak dantzan eta algaraka. Pregoilaria eta txupinera atera ziren balkoira, besteen artera. Kepa Junkerak mikrofonoa hartu eta pregoiari ekin zion. Amaitu bezain laster, eta Marijaia doinuarekin batera, Arriagako Antzokiko follerean tren-kate bat sortu zuten festarekin jarraitzeko asmoz.

Abestia bukatuta, txalo zaparrada eta isilik geratu zen Bilboko antzokia. Iskanbila kalean zen eta ez da isilduko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo