GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Alemaniako Itzulia

David Lopezen lehen podiuma Voigten menpeko itzulian

Gerald Ciolek alemaniarrak bere hirugarren etapa garaipena eskuratu zuen eta Jens Voigtek sailkapen nagusiko lidergoa. Burgosen, Soler izan zen irabazle

GARA | HANNOVER

Bere bizitza profesionaleko lehen podiumarekin dator Euskal Herrira David Lopez barakaldarra. Alemaniako Itzulitik oroimen aparta ekarriko du Caisse D'Epargneko bizkaitarrak, Soeldenen bere aurreneko garaipena lortzeaz gain, Voigt eta Leipheimerren atzetik podium bikain bateko kide izan baita.

Azken etapan ez zen ezer aipagarririk gertatu jardunaldiko 143 kilometroetan. Hala, laukote baten ihesaldiak, Niermann -Rabobank-, Drancourt -Boygues-, Lloyd -Predictor- eta Totsching -ELK-, bereganatu zuen protagonismoa. Hala ere, CSCk eta esprinterren taldeek ez zuten aukera txikienik ere laga.

Esprintean Gerald Ciolekek Alemaniako Itzuli honetako hirugarren garaipena lortu zuen.

Bestalde, bi segundo eskas baino ez zituen Mauricio Solerrek bere alde Burgosko itzulian, eta arduratuta zegoen Barloworld taldea. Alabaina, kolonbiarraren taldeak Oñatik Burgoserako ibilbidean kate motzean lotu zuen Valverde eta ez zion ezustekorako tarterik utzi.

Azken etapa horretan ere hamabost txirrindulariren ihesaldi batek bereganatu zuen protagonismoa. Tartean ziren Samuel Sanchez -Euskaltel-, David De la Fuente -Saunier- eta Stefano Garzelli -Acqua & Sapone-.

Bi kilometroren faltan, makina bat eraso eta kontraerasoren ostean, Tinkoff taldeko Vasil Kiryenka bielorrusiarrak hanka egitea lortu zuen iheskide guztiak ezustean harrapatuta eta berak lortu zuen azken etapa.

Hanburgoko klasikoa gaur

Hanburgo hirian Vattenfall klasikoa jokatuko dute gaur. 229 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, tartean iazko irabazle Oscar Freire kantabriarra ere. Ibilbide luzea eta gorabeheratsua izanen dute zain parte-hartzaileek.

vueltatik at

Koldo Gil Vueltan parte hartzekoa zen, baina ez da hala izango. UCIk hari bidaliriko gutunean ez omen zion esaten «Puerto» aferatik kanpo dagoenik, lasterketen antolatzaileei baino ez dagokiela txirrindulariei parte hartzen uztea

bi urteko Eskaintza

Euskaltel-Euskadik Egoi Martinezi bi urteko eskaintza egin dio. Miguel Madariagaren hitzetan, nafarra da talde laranjara etortzeko hautagai nagusia. Bestetik, Unai Etxebarriak ez du Euskaltelen jarraituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo