GARA > Idatzia > Arrauna

KAE-1 Ligaren analisia

Fisikoaren garrantzia eskertu dute donostiarrek

Zortzigarren postua eskuan duela, Kontxan lan duina egitera abiatuko da Donostia Arraun

p043_f02_148x124.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Itsasoari errespetua edukitzea ezinbestekoa dela behin baino gehiagotan entzun izan da arrantzan eta, oro har, itsasoaren munduan. Igandean Donostiako badian olatuek ez zuten nahi KAE-1eko arraunlariek bertan arraun egitea, eta lortu egin zuten. Bazirudien itsasoa Kontxako Banderarako prestatzen ari zela, ura ahal den ondoen deskantsatzen utzita.

Horiek hala, Donostia Arraunek antolatutako estropada bertan behera utzi behar izan zuten. Badirudi bihar bertan egingo dutela proba, baina ez da puntuagarria izango.

Patxi Olabe Donostia Arrauneko prestatzailea tristetuta baina, aldi berean, ulerkor agertzen da estropada bertan behera geratu delako. «Jende asko egon da atzetik lan egiten. Diru asko gastatu dugu megafonia eta horrelako gauzak alokatzen, eta nolabait tristura ematen du lan horrek guztiak ez duelako ezertarako balio. Horrelako egoera batean inork ez du errua, eta logikoki erabakia zuzena dela uste dut. Gehienbat gure segurtasunarengatik erabaki zen», jakinarazi du.

Dena den, Gipuzkoako paraje hartan Donostia Arrauneko arraunlariak eta zaleak pozik daude KAE-1 Ligan egindako lanarekin. Zortzigarren postua ziurtatuta dute nolabait, eta iragandako ostiralean, irailaren lehenengo eta bigarren igandeetan izango den Kontxako Banderarako sarrera lortu zuten arraunlariek, Ur Kirolak taldearen aurkako sailkapenean.

Aldaketak taldean

Lehengo urtetik hona aldaketa nabarmenak izan ditu Donostia Arraunek. Jende beteranoa taldetik joan da eta horren ordez, etxeko, harrobiko, jendearen alde egin behar izan du taldeak. Patxi Olabe oso pozik agertu da gazteek emandako mailarekin.

«Arraunlarien lana oso ona izan da. Lanarengatik, ikasketengatik eta lesioak zirela-eta, bajak eduki genituen denboraldi hasieran. Entrenamenduetan eta estropadetan lan handia, esfortzu handia egin dute taldeko gazteek. Beraz, alderdi horrekin oso pozik nago», adierazi du Olabek. «Batez beste arraunlarien adina 20 urtekoa da, eta lan handiagoa egiteko nahia bultzatzen du horrek. Esperientziaren bidez, blokea mantendu eta sendotzen joango dela uste eta nahi dut», adierazi du.

Lehendabiziko urtean zazpigarren amaitu zuen Donostiako taldeak, beraz, gaur egun dagoen baino postu bat gorago. Falta diren bi estropadetan, nahiz eta badakiten zaila izango dela, Ondarroa (zazpigarren) gainditzeko ahalegina egin beharko dute taldekideek.

Fisikoki gorakada

«Neguan, alderdi fisikoan, lan handia egin genuen. Abuztuan, ordea, prestaketa fisiko hori eskertu dugu. Nahiz eta taldea gaztez beteta egon, neguan lan handia egin dugunez, maila mantentzearekin batera postu ona lortu dugu; uste genuen baino hobea», nabarmendu du Patxi Olabek.

Izan ere, Donostia Arraunek Julen Eraustegi prestatzaile fisikoa hartu zuen denboraldi hasieran, eta prestaketa fisikoak abuztuan izan du gorakadarik nabarmenena. Eraustegi Euskadiko selekzioko prestatzailea izan zen duela urte batzuk.

Beste alde batetik, irailaren lehendabiziko eta bigarren igandeetan jokatuko den Kontxako Banderan donostiarrak lan duina egiteko nahiarekin abiatuko dira: «Gure intentzioa Kontxan paper ona, paper duina egitea da. Hau da, talde handi horien aurrean ahal dugun ondoen egitea».

KAE-1 Ligako beste taldeei dagokienez, Donostiako badian egin beharreko estropadaz gainera, bi proba falta dira. Getariak lehendabiziko postuari merezita eusten dio eta 16 puntu ateratzen dizkio Pasai Donibaneri. Lekeitioko Isuntza taldeak osatzen du podiuma. Beraz, San Miguel Ligarako igoera postuetan sartzeko hiru horien arteko lehia bizia espero da azken bi estropadetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo