GARA > Idatzia > Pilota

Adi, pilotariak! lanean ari da dagoeneko txapela irabazteko gai den hurrengo gazte-sorta

Gazteak omen dira etorkizunaren oinarria, eta hala da. Pilotak, kirol guztiak bezala, behetik datozen kirolarien esfortzua, kemena eta gora egiteko indarra behar ditu. Azken denboraldi honetan lau dira goraino iritsi diren pilotariak, baina zailena falta zaie: profesional mailan finkatu.

p044_f02_141x108.jpg

Imanol CARRILLO

Miguel Merino, Iñaki Iza, Luis Cabrerizo eta Mikel Olazabal. Horiek dira azken denboraldian profesional mailara pausoa eman duten lau pilotari gazteak. Asegarcek eta Aspek berengan jarritako itxaropena handia izan da eta orain berek dira erantzuna eman beharko dutenak, beren lana kantxan islatuta.

Uda oso erakusleiho ona izaten da pilotarientzat, bertan izaten baitira festetako txapelketarik politenak. Beraz, hortxe dute pilotari gazte horiek berengan erreparatu zuten pertsonei arrazoia emateko eta ikasketa urteetan ikasitako guztia frontoian praktikan jartzeko aukera.

Lehena debutatzen Miguel Merino errioxarra izan zen, joan den uztailaren 6an jokatutako partidan. Ez zuen egun ona izan eta 22-17 galdu zuen, Capellanekin batera, Del Rey eta Elkororen kontra.

Handik egun gutxira Luis Cabrerizo Soriako gaztearen txanda iritsi zen. Horrek zorte hobea izan zuen eta, Laskurainekin batera, 22-12ko emaitzarekin gailendu zen Apezetxea eta Eulateren kontrako partidan. Gainera, etxean aritzeko aukera izan zuen Duruelo de la Sierran (Errioxa) jokatu baitzuen.

Bi euskaldunak

Gazteen debuta osatzen duten beste bi pilotariak Iñaki Iza (Zornotza) eta Mikel Olazabal (Areso) euskaldunak dira. Bizkaitarrak duela hilabete lortu zuen pilotari guztiek amets egiten duten hori: profesionalekin batera jokatzea. Uztailaren 16a oraindik gogoan izango du segur aski 20 urteko pilotari gazteak. Nafarra, berriz, azkenekoa izan zen debutatzen. Iragan astelehenean bere maila erakutsi zuen, eta hedabideek aipatzen zutenez, aurrelariak oso inpresio ona utzi zuen partida sutsu eta emozioz beterikoan.

Bada bi gazteak lotzen dituen ezaugarri bat: etxean egin zutela debuta, jarraitzailerik sutsuenak etxekoak direla jakinda. Baina, bakoitzak bere jokatzeko estiloa du, bata aurrelaria eta bestea atzelaria izanda.

Pilotaren mundu honetan aitaren laguntza ezinbestekoa izan dela aitortzen du zornotzarrak: «Nire kasuan aitaren lana izan da gakoa. 17 urteko gazte bat segituan joango litzateke bere idoloekin jokatzea, baina nire aitak nahiago izan zuen nik itxoitea, pilotan gehiago ikas nezan. Denborak arrazoia eman dio. Urte hauetan asko hobetu dut». Hain zuzen ere, Zornotzako gazte horri oso goiz iritsi zitzaion goi mailan aritzeko aukera: «Aspalditik itxaroten ari nintzen kontua da zeren eta 17 urte nituenean deitu baitzidaten Asegarcekoek entrenatzeko, baina aitak itxoitea nahiago izan zuen».

Olazabalek gurasoek egindako lanaz gain, beste esaldi eder bat botatzen du: «Etxekoek, dudarik gabe, lagundu didate gehien mundu honetan, baina, nire ustez, txikitatik pilotan asko aritzea izan da hain gora iristeko gakoa».

Beste alde batetik, argi dago pilotari gazte horiek norbaiten sostengua behar dutela hasierako momentu eder baina konplikatu horietan. Izari ez zaio horren falta sumatzen. Familaz eta lagunez gain, pilotarien laguntza ere izan duela nabarmentzen du: «Oinatz Bengoetxea partidetan atzelariei asko laguntzen dien pilotaria da eta, nire moduko gazteen kasuan asko eskertzen da hori. Bestalde, Unanuek eta Agirrek lasai egoteko esan zidaten. Pazientziaz hartzeko zeren eta hau beste mundu bat baita. Pertsona horiengandik etorrita askoz gehiago eskertzen da».

Olazabalek hainbat pilotari profesional ezagutzen zituen, lehenago berekin entrenatzen aritu baitzen. Horrek, ordea, ez du kentzen aholkuak jasotzeko aukera: «Lehendik ere entrenatzen aritzen nintzen berekin. Dena den, hainbatek lasai egoteko eta urduri ez jartzeko esaten zidaten».

Idoloen ondoan jokatzen

Pilotari gazte horiei aukera ederra eman diete maila gorenean aritzearekin batera: beren idoloen ondoan jokatzea. «Beti erreparatu izan dut Asier Olaizolarengan. Bere eskuinekoa asko gustatzen zait. Gaur egun, Titin III.a ere asko gustatzen zait. Bere adinarekin eta hor, punta-puntan egotea eta gero eta partida gehiago jokatzen, nabarmentzekoa da», adierazten du Izak.

Olazabalek, ordea, beste idolo batzuk izan ditu: «Txikitan, Ruben Beloki asko gustatzen zitzaidan eta ondoren, Mikel Goñi».

Amets batean daude orain eta badakite ezin dutela huts egin; pixkanaka orain arte eman duten maila hobetu eta horri eutsi beharko diote. Txapel asko irabaz dezatela opa diegu. Baina mesedez, beti ere, kirol polit horrekin, pilotarekin, gozatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo