GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Europako Txapelketa

Dominen atzetik doaz euskaldunak

Euskal Herriak nazio gisa aritzeko modua izango du etzi Austrian jokatuko duten lehiaketa garrantzitsu horretan

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ilusioz gainezka abiatuko da gaur Euskal Herriko selekzioa Austria aldera, han, Elixhausenen, larunbatean jokatuko baitute Europako Txapelketa. Bi urtetik behin jokatzen den lehiaketa horretan, euskaldunak nazio gisa aritzeko aukera izaten dute, eta horregatik besterik ez bada, merezi du han egotea.

Hala ere, itxaropentsu doaz bertara, dominak lortzeko asmoa eraman baitute. Bertara joateko, Almintza elkarteak kanporaketak egin zituen, eta hango onenek dute euskal selekzioa ordezkatzeko parada.

Mutiletan, Gabirondo, Goikoetxea eta Izagirre arituko dira 30 urtetik gorako lehiaketan, eta Goenaga, Egia, Arteaga, Lizaso, Kanflanka, Garmendia eta Iraola, berriz, 30 urtetik beherakoetan. Nesketan, Gabirondo izango da 30 urtetik gorakoetan arituko dena, eta Antsa, Astondoa, Geresta eta Garmendia 30etik beherakoetan.

Nazioetan, berriz, ez da Euskal Herria bakarrik izango, bertan izango baitira Austria, Bavaria, Suitza, Eslovenia, Estatu frantsesa eta Hego Tirol. Probak, berriz, azkarrak izango dira, betiko moduan. Neskek, 35 metro koadroko sail bat izango dute, eta mutilek, berriz, 100 metro koadrokoa. Proba horietan azkartasuna eta txukuntsauna uztartu behar dira. Ez du balio azkar eta narras mozteak, egindako denborari zigorrak ezartzen baitzaizkio.

Ekitaldiak etzi hasiko dira, baina lehiaketa bera larunbatean jokatuko dute. 13.00etan hasi, eta 19.00ak aldera amaitzea iragartzen da.

Txapelketa horiek inork ongi ezagutzen baditu, hori Altzo da, Almintza elkarteko kidea eta segalaria. Aurten lehian izateko txartelik lortu ez badu ere, bertan izango da. Berak garbi esan digu euskaldunen aukerak nolakoak diren: «Nik uste dut emakumezkoetan izango ditugula aukerarik gehien. Marialuixa Gabirondok orain arte egin duen moduko lana egiten badu, seguru nago estreinako hiruren artean izango dela. Mutiletan zailagoa izango da, baina Gabirondo, Goikoetxea edo Goenaga hor goian ibil daitezkela uste dut», esan zuen.

Belar berdea

Altzok ongi ezagutzen ditu Europako Txapelketa jokatuko den paraje horiek. Aurten izan da bertan, antolatzaileekin azkeneko xehetsaunak lotu ahal izateko. Belarra nolakoa izango den galdetuta, hauxe erantzun du: «Belar berdea eta astuna izango da. Hemen baino itxiagoa izaten da. Gutxi gorabehera, hemen maiatza inguruan genuen belarraren tankerakoa aurkituko dugu han. Belardia nekazal eskola batekoa da, eta oso ongi zainduta dago», aitortu zuen.

Nazioartean hainbat lehiaketa edo torneo jokatzen dira, eta haietan proba ezberdinak izaten badira ere, Europako Txapelketan bakarra izaten da, sega librekoa, eta bakarkakoa, nahiz eta amaierako sailkapenaren arabera, herrialdeetako sailkapena ere egiten den, eta lehenengoak saria eramaten duen.

Beste herrialdeei begira jarrita, garbi dago Suitzako kirolariak izango direla oso kontuan hartu beharrekoak, baita Austria eta Hego Tirolgoak ere. Lurralde haietan era honetako probetara askoz ohituagoak daude, nahiz eta azken urteetan nazioarteko erako probak asko ugaritu diren Euskal Herrian, eta horrekin batera euskal segalarien maila ere beren parean kokatu den.

Europako sega Txapelketa ez da, ordea, sega hutsa izaten, herrialde bakoitzak bertako ohiturak eta tradizioak erakusteko ere erabiltzen baititu. Hala, aizkoran eta trontzan ere arituko dira euskaldunak. Aizkoran, Gabirondo eta Altzo nor baino nor arituko dira zeinek sei kana-erdiko azkarrago moztu, eta trontzan, berriz, Gabirondo eta bere emaztea Astondoa aita-alaben aurka lehiatuko dira. Beste herrialdeetako kirolariak ere saiatuko dira segaz gain, beren herrietan egiten diren kirolak ezagutarazten.

Kirolaz gain, folklorea ere garrantzitsua izango da

Horrelako lehiaketetan, kirola eta folklorea uztartu egiten dira, eta herrialde bakoitzak bertako musika eta dantzak erakusteko ere erabiltzen du. Beraz, Austriara joan diren kirolariez gain, musikari eta dantzariak ere bertaratu dira. Horrela, Kresala dantza taldeko kideak ere bertan dira beren dantzak erakusteko asmoarekin, eta izango dute horretarako aukera.

Dantzariez gain, euskal musika tradizionalak ere bere lekua izango du, besteak beste han izango baitira txalapartariak, eta Artola eta Geresta trikitilariak ere han ibiliko dira bazterrak alaitzen. Austrian ere euskal giroa ezagutu ahal izango dute .

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo