Euriak kalteak eragin ditu Euskal Herriko hainbat tokitan
GARA | IRUÑEA
Atzo Euskal Herri osoan izandako euri-jasa etengabeek eta haizeak kalteak eragin zituzten bai errepideetan, baita itsasertzean ere. Donostian, aisialdirako lau itsasontzi Kontxako hondartzan agertu ziren goizean, eta bertan mugitu ezinik gelditu ziren. Horietako bat uretaratu zuten, eta gainerakoak datozen egunetan egingo omen dituzte. Haizearen eraginez Ermuan eroritako zuhaitz bategatik 950 lagun argindarrik gabe egon ziren goiz osoan.
Errepideetan ere arazo larriak izan ziren eta sei istriputan hamaika lagun zaurituta gertatu ziren. N-I errepidean, Andoain parean kamioi bat irauli egin zen eta ondorioz, gidaria ospitalera eramateaz gain, erretentzio itzelak sortu ziren Gasteizerako norabidean. Etxegaraten beste kamioi batek ere istripua izan zuen eta gidaria ospitalera eraman zuten. Gainontzeko istripuak Aritzetan (A-8), Oiartzunen eta Amurrion gertatu ziren. Azken herri honetan hiru ibilgailuk elkar jo zuten, zauritu bat eraginez, eta beste auto bat irauli egin zen, lau zauritu eraginez. Ur putzuek ere arazoak sortu zituzten, batezere N-121-A errepidean, Lesaka eta Igantzi parean.
Alerta laranja
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, Meteo Francek atzo ezarritako alerta laranja eguerdira arte izan zuten. Aparteko gertaerarik izan ez arren, arazoak sortu ziren Senpere inguruan, eta Errobi ibaiaren mailari adi egon ziren herri anitzetan.