De Laurentiis-ek abentura-zinema jatorra berreskuratu du
«The Last Legion»
Dino De Laurentiis-ek abentura-zinemaren espiritu jatorrena berreskuratu du fantasia heroikoko telesailetan zaildu den Sam Raimi ikasle abantailatuak egindako filmarekin. Denek traizio egin ziotenean, Britainian bere enperadoreari leial jarraitu zion bederatzigarren legioari egindako eskuerakutsia bihurtu da «The Last legion» filma.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Dino De Laurentiis amets fabrikatzaile zaharra dago, eleberri historikoak bizi duen urrezko aroari esker remake-tara jo beharrik gabe generoak oraindik arrazoibide berriak badituela uste dugunon bozkariorako, eta peplum generoaren espiritu jatorra berreskuratzeko asmoz, Martha eta Rafaella bere alabek abian jarri duten film ekoizpen handi honen atzean.
Bere antzinako historia ezaguerak literatur fikziorako baliatzea primeran ateratzen ari zaion Valerio Massimo Manfredi arkeologoaren eleberri izenkidea dago «The last legion» filmaren oinarrian. Bere liburuak, batez ere Alexandro Handiaz idatzi eta «Alexandros» izenburuko trilogian argitara emandakoak, salduenen zerrendan daude, eta ez Italian bakarrik. Erromako inperioaren erorialdia bere heroien eta gerra konkisten ikusmolde desmitifikatzailea lotzeko joera jada gaindituari jarraitu ordez, gauzak okertu eta denak arrapaladan ihesi atera edo traidore bilakatzen direnean amore ematen ez duten benetako borrokalariak gorestera bideratutako kontakizun abenturazalearen bidez berreskuratu du egileak eduki epikoa.
Jerry Bruckheimer ekoizlea izan da, bere «King Arthur» film pizgarriarekin, egungo historialariek Arturo erregeren zikloa eta Erromako inperioaren gainbeheraren artean egiten duten loturak nolako pagotxa dakarren ikusi duen lehenengoa. «The last legion» filma gogo onez atxiki zaio ildo honi, bere izena latinez Kaio Julio Zesar enperadorearen ezpata «kalibetarra» izatetik letorkiokeen Excalibur ezpatan jarri baitu bere arreta gidoiak. «Aho bat defendatzeko, beste bat garaitzeko. Britainian jo ninduten errege izatera deitutakoak hel dakidan» esaten zuen elezahar ospetsuaren ondoan zati batean kontserbatutako izendegia.
Asko izan dira Valerio Massimo Manfrediren liburu entretenigarriaren transkripzioan parte hartu duten egokitzaileak dokumentazioaren erabilera burudun eta herabetasunik gabekoan oinarritutako bizitasuna ez indargabetzearren. Gidoilari taldearen buruan David Leland egon da, 80ko hamarkadan Ealing komedia klasikoaren eraberritzaileen artean sortu ziren zinemagile ingeles onenetakoetako bat.
Ez da txikiagoa filmaren zuzendaria aukeratzean erakutsi duten zentzu ona, Sam Raimi-ren eskolako ikasle abantailatua baita Doug Lefler. Izan ere, haren eskariz errealizatu zituen «Xena» eta «Herkules» telesailak. Fantasia heroikorako erakutsi duen balio apartak antzezle talde bikaina du osagarri. Izan ere, oso bereziak diren antzezleen karismak mesede egiten die pertsonaia guztiei eta haietako bakoitzari.
Azken enperadorearen paper nagusirako gaur-gaurkoz haur antzezle onena den eta «Love Acually» edo «Nanny McPhee» filmetan liluratu gintuen Thomas Sangster mutil koskorra aukeratu dute. Odoacer jenerala buru zutela inbaditzaile germaniarrek bahitutako hamabi urteko Romulus-en oinordekoaren papera antzeztu du. Odoacer barbaro izugarriarena, berriz, Peter Mullan eskoziarrak.
Mutikoarekin batera bahitu dute bere maisu eta irakaslea ere, Ambrosinus izeneko filosofo eta azti druida, Ben Kingsley-ren eraldamenerako aukerako papera. Antzezleen dotoretasuna oso profesionala den antzerkigintza ingelesetik jasotakoa bada, Aishwarya Rai emakume antzezle indiarrak eta Nonso Anozie debutante afrikarrak jarri dute ukitu exotikoa salbatzaileen taldean.
Bollywood-eko zinema izarrak gizonezko armadurapean ezkutatutako Bizantzioko gudariaren papera egin du, bere lankide afrikarra Rupert Friend-ek hezurmamitu duen Demetrius gihartsuarekin indarrez lehiatzen den gladiadore erraldoi etiopiarra den bitartean.