Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Zirimola «españolentzat»!
Aspaldian entzuten dugu milaka turista arriskuan egon direla urakana edo beste arriskuren bat dela-eta. Ematen du inguru kaltetuetan ez dagoela jatorrizko biztanlerik, edo baldin badaude ere, urakanei ez dietela inolako ikararik, poztekoa!
EITBren eta komunikabide askoren aburuz, 7.000 turista «español» egon dira arriskuan, beldurtuta beraien hoteletatik irten ezinik eta ziurrenik argazki mordo bat atera ezinean. Jakinez, nola ez, Yucatanen maien ondare zoragarriak direla, pena da Tulum, Chichen Itza, Palenque, Calakmul, Uxmal edo horrelakoak ez izoztea paper baten gaineko irudietan edo kameretan.
Bitartean 1.500.000 bat jatorrizko, 1.000.000 maia besteak beste, bere ondare guztia eta bizia galtzeko arriskuan daude, baina berdin zaigu, zeren kristoren putada da bidaia polit bat antolatu eta gero horrelako ezbehar bat bizitzea. Nori bururatu zaio urakan bat ekartzea? Ez ote da egongo, bada, jaungoikoa turisten kontra? Al Qaeda ote erruduna? Jatorrizkoen mendekua akaso?
Txantxetan nagoela pentsatzen duenak jakin behar du horrela ez dela. Hau aztertzeko jar gaitezen bertako biztanle xumeen tokian eta ez turista modura. Hor dago gakoa, gure interesak kanpo daudenean, ez diegu jaramonik egiten. Beste baterako utziko dut hemengo komunikabide batek «español» kontzeptua erabilita tratatzen gaituela.
Haize-erauntsiak biluztu gaitu, eta miseria gordinak agerian jarri dizkigu berriro, sentimenduak ez direlako berdinak hango edo hemengoentzat, dena neurtzen dugu hurbiltasunaren arabera; gehiago esango nuke, gure botereak itsutu gaitu! Ahaztu dugu hotel batean dagoenak handik irtetea baldin baduela, aukera handiagoak izango dituela egoerari aurre egiteko, eta unean bizitakoa amaitzerakoan bueltatuko dela bere paradisura. Ez dugu neurtzen gure arinkeriak bertakoengan egin dezakeen mina.
Hoteletik kanpo zirimola pairatzen duenak egunero beste errealitate batzuk izaten ditu: miseria, txirotasuna, gosea... eta, gainera, honen edo beste urakan baten indar bortitzak eragindakoak. Guztia naturaltasunez hartzen dute, sarri ezertaz kexatu gabe, ehunka urtetan egin duten modura guri begira jarri ditugun pertsonek.
Hori bai, hildakoak edo kaltetuak izaten direnean, hor daukagu berria gure komunikabideetan erabiltzeko, argazki kamera batean hartzeko eta gero lagunei erakusteko. Zertan gabiltza? Egia esan, gure miseriek ez daukate mugarik, hemengo «español» bat hilez gero, urteetarako daukagu berria, hangoek, milaka izanik ere, ez dute inoiz arreta bera izango, ez dira gureak, ez dira turistak, ez ezkonberriak edo bidaia zoragarri bat egiteko diru asko -sarri bertakoek urte baterako janaria izateko beste- gastatu duten kaltetuak.
Bueltatuko dira berriz aireportuetara mexikar txapel tipikoak buruan, eguzkiak kiskalduta, asko kontatzeko, barreak eta susto galanta besteak beste, baina bueltatuko dira, bertan geratzen direnentzako izua eta betiko miseria gordina. Hemengo milaka «español» hauentzat akaso fama apur bat zirimola bat gainditu dutelako hotel baten barruan.