Saskibaloia ACB Liga
Errusiako Samara taldearen arabera, Pete Mickeal beren taldekoa da kontratuz
GARA | GASTEIZ
Ezusteko arazo bat sortu zaio Tau Baskoniari. Errusiako Samara taldetik Pete Mickealek berekin kontratua sinatu duela eta «berena» dela esan dute.
Hala ere, ez dute Mickeal Errusiara itzultzeko eskatzen. Gasteizen jarraituko balu, Samarari kalte-ordaina exijituko liokete jokalariari. Gainera, FIBAren bidez lizentzia ken diezaioketela ere mehatxatu dute hegalekoa, urtebetez jokatu ez dezan.
Zurbaon ez dira estutu, ordea, Mickeal eta Tauren arteko kontratua legezkoa dela ziurtatu baitute. Bestetik, Mickealek besterekin ezer sinatzekotan, Taurekin lotura itxi ondoren egingo lukeela aipatu dute.
Jokalariak Samaratik diotena ukatu du. «Inoiz ere ez dut berekin hitz egin. Istorio hau guztia, beraz, faltsua da», esan du.
Jasaitisen aurkezpena
Bestalde, badu albiste hoberik Tau Baskoniak. Prigioniren kontratua hobetu eta luzatzekotan da Gasteizko taldea. Horrez gain, gaur aurkeztuko du bere azken fitxatzea: Simas Jasaitis.
Atzo iritsi zen lituaniarra Gasteiza, azterketa medikoa gainditzera. Aurkezpenaren ostean bere selekzioarekin itzuliko da.
Iurbentia Bilbao Basketek, berriz, harpidedun kanpainaren hirugarren fasea abiatuko du. Basket Power du izenburua, eta helburua egungo 4.400dik 5.000 harpidedunetara iritsi eta La Casilla «sarrerarik salgai jarri gabe betetzea» izango da. Harpidetzek 190 eta 630¤ bitartean balioko dute.
BECen, berriz, bi partida baino ez dituzte jokatuko: Estudiantesen eta Bartzelonaren aurka.