Mundu mailako pandemien arriskuak baditu kausak, baina aurre egiteko borondatea behar da
Osasunerako Mundu Erakundearen azken txostenaren arabera, mundu mailako pandemien arriskua erreala da, gaur egun gaixotasunak herrialdez herrialde hedatzeko erraztasuna dela-eta. Izan ere, mundu globalizatuko herrialde aberatsetan lagun askori mugak ixten bazaizkio ere, ez dago gaixotasunak legez kanpo jartzerik. Beharbada askori gehiegizkoa iruditu zaie txostena, baina ez zaie arraroa gertatuko irakurtzea mediku tratamendu okerren ondorioz eta antibiotikoen gehiegizko erabileragatik gaixotasunek erresistentzia handia dutela botiken kontra. Inor ez du harrituko herrialde askok ez dutela osasun sistema sendorik jakiteak, eta gabezia hori dela-eta ezin dituztela kontrolatu, ezta aurrea hartu, gaixotasun larri ugari. Osasunerako Mundu Erakundeak berak esan du zein den halako pandemiak saihesteko bidea: nazioarteko kooperazioa. Eta kooperazioa falta sumatu duelako, hain zuzen, eskatu du. Askotan aipatzen den nazioarteko elkartasuna ez baitoa gobernuetako agintarien hitzetatik harago. Askotan konpromisoak hartzen dituzte, baina sinatzen dituzten erraztasun berberarekin, ez dituzte betetzen.