GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nagusiek Aste Nagusia ospatu dute paella erraldoi baten inguruan

Nagusien Eguna ospatu zuten atzo Bilbon eta, nahiz eta egun osoan euria izan, oso ondo pasatu genuen guztiek. Nagusiak zirkura, bazkarira eta zezenetara gonbidatu zituzten. Guk haiekin batera bazkaldu genuen Uribarri konpartsak prestatutako paella erraldoia.

p017_f02_148x098.jpg

Naia DIEZ |

Aste Nagusiko ekintzen artean, atzo nagusien eguna ospatu zuten. Egunean hainbat gauza egiten dituzte haientzako, baina garrantzitsuena bazkaria da. Inork ez du gogoratzen zehazki noiztik antolatzen den baina orain dela hogei urte inguru hasi zela uste dute gehienek. Lehen Salesianos eskolan izan arren, oraingoan Esperantza frontoian egin dute.

400 pertsona inguru batu ginen eta, nahiz eta gehienak 65 urtetik gorakoak izan, alaitasuna sumatzen zen edonon. Nagusientzat egun berezia da, askorentzat egoitzatik irtetzen diren egun bakarra delako. Horregatik hainbat jende dihardu lanean eta, egia esan, antolaketa bikaina izan zen. Nora Dañobeitia zen arduraduna eta, nahiz eta lan handia izan, merezi duela uste du. «Beti eskertzen digute egiten duguna», esaten zuen.

Bazkaria BBK-k antolatzen du baina, plater nagusia paella izanik, Uribarri konpartsak prestatzen du. Goizeko 8.00etan hasi ziren prestatzen hamar lagunen artean. Izugarrizko paella-ontzia erabili zuten horretarako, bertan 30 kg arroz sartu behar baitzuten, baita giharra, untxia, txorizoa, txirlak, eta abar. Esan bezala, 400 pertsonak baino gehiagok jan behar genuen! Nahiz eta hainbeste jenderentzat egin, ikaragarri ona atera zen, horregatik eskerrak eman behar diegu Uribarriko kideei.

Paella lehenengo platera izan zen eta, bigarren gisa, bakailaoa piperrekin. Amaitzeko, pastelak ekarri zizkiguten.

Baina bazkaria ez zen ekintza bakarra izan. Nagusien eguna izanik, egun osoan egiten dituzte gauzak. Goizean goiz autobusa hartu eta Etxebarria parkera joan ziren, bertan hamaiketakoa hartu zuten eta gero zirku mundialera gonbidatu zituzten. Gehien gustatu zitzaiena pailazoak izan ziren, baita magoa ere.

Ondoren bazkaltzera joan ziren eta bertan dantza eta guzti egin zuten nagusiek Jamaica orkestrarekin; bazkari osoan abesten egon zen gu entretenitzen.

Gero oparien zozketa egin zuten eta saridunak oso pozik jarri ziren lortutakoarekin.

Azkenik, zezenetara joan ziren, baina oraingoan ez ziren guztiak joan. Batzuk nekatuta zeudelako eta beste batzuk gustoko ez dituztelako. Amaitu eta gero, berriz egoitzara. Nahiz eta oso egun neketsua izan, oso ondo pasatu zuten haientzako prestaturiko egunean.

Marijaiarekin batera bazkarian

Eta, nola ez, Marijaia, txupinera eta pregoilaria ere etorri ziren bazkarira. Kepa Junkera eta Larraitz Cisneros han ibili ziren nagusiekin argazkiak ateratzen eta paella jaten. Biek uste dute oso ideia ona dela nagusientzako ekintza horiek egitea. «Beharrezkoa dela uste dut haientzako ekintza hauek egitea eta gauza gehiago ere egin daitezkeela pentsatzen dut, nahiz eta Bilbon beste hiri batzuetan baino antolaketa gehiago dagoen», esan zuen Kepak.

Bizkai osoko nagusien egoitzetatik etorri ziren autobusez eta gehienek urte asko daramate etortzen. Baina batzuentzat lehen aldia izan zen, «oso pozik nator, nire kideek esan didate oso ondo pasatuko dugula», esan zuen Elorriotik zetorren gizon batek.

Argi geratu da datorren urtean ahal dutenek errepikatuko dutela, eta gu ere, aukera izanez gero, han izango gara paella errepikatzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo