Zesta-punta
Tentsioa eta polemika izan ziren nagusi Bereikuak eta Lopezek irabazitako finalean
GARA | BIARRITZ
Tentsioa izan zen nagusi Biarrizko Agilera frontoian jokatutako Urrezko Esku Larruaren finalean. Jai-Alive enpresako Bereikua eta Lopez Eusko Basqueko Goikoetxea eta Elizegi bikoteari gailendu zitzaizkien eta garaikurra lortu zuten azkenean, 35-33 irabazi ondoren. Norgehiagoka estua izateaz gain, polemika handia sortu zen partidaren bukaeran. Hain zuzen ere, liskarra sortu zen Bereikuaren eta Elizegiren artean, tanto polemiko bat zela-eta.
Bi pilotarien arteko istilua markagailuak 30-31koa zuenean gertatu zen, Bereikua eta Lopezen aldeko zalantzazko tanto baten ondorioz. Aurretik, 24-27koarekin, zalantzazko beste tanto bat eskuratu zuten irabazleek.
Hori dela-eta, Eusko Basquek epaileek bere bikotearen garaipena saihestu zutela salatu zuen, eta «sinestezintzat» jo zituen garaileek irabazitako bi tanto polemikoak. Jai-Aliveko Bereikuak, berriz, istiluari dagokionez, «kantxan gertatzen diren gauzak kantxan geratzen direla» adierazi zuen.