GARA > Idatzia > Editoriala

Demokraziaren mukurua

Segurtasun eta Oparotasunerako Gailurrak (SSP), Kanada, Amerikako Estatu Batuak eta Mexiko bildu zituenak, bere demokrazia kontzeptua utzi zuen agerian Montebellon (Quebec). Bertan, hiru herrialde horietako agintariekin, Ipar Amerikako hainbat enpresaburu handi ere izan ziren. Hartara, Gailurrak noren segurtasuna eta oparotasuna sustatzen duen argi, nahikoa argi ez bazegoen ere, utzi zuen. Eta parte-hartzaileen egitasmo nagusia agertu zuten: euren mugak «terrorismoarentzat itxita baina merkataritzarentzat irekita» izatea. Izan ere, I-11z geroztik AEBek segurtasuna merkataritzaz gaindi lehenetsiko zuela iragarri zuenean, Kanada eta Mexikoko enpresaburuek AEBen «terrorismoaren kontrako erabateko gerrarekin» bat egitera bultzatu zituzten beren gobernuak.

Testuinguru horretan, Montebelloko gailurra segurtasun goren horren antzezpena izan zen. Gailurraren kontra manifestatzera joan zirenei gonbita egin zieten beren protestak agertzeko hartarako jarritako bideo kameretan, Kanadako lehen ministroaren bozeramailearen arabera, «haien adierazpen askatasuna babesteko», legeak dioen bezala. Baina kamera horiez gain, baziren beste asko protestagileak zeuden tokietan kontrolatzeko, baziren telefono dei eta bilera asko legez kanpo entzunak.

Gizarte demokratikoaren defentsaren aitzakian, demokraziaren kontzeptua bera irauli dute, disidentziaren eta oro har herritarren kontrola eskubideen gainetik ezarrita. Eta norabide horretako erabakiak ez dituzte herritarrek hartzen, ezta haiek hautatutako ordezkariek ere. Botereaz hitz egitean eskuarki gobernuak izaten dira gogoan, baina horiek boterearen, herritarren botoengandik sortzen ez den boterearen zerbitzuan daude, gero eta segurtasun eta oparotasun handiagoa duten boteretsuen mende, alegia, herritarrak neurri berean gero babesgabeago utzita.

Adimena iraintzea da erabateko kontrola demokraziaren eta askatasunaren zerbitzuko dagoela, baina George Orwellen eleberririk ezagunena dagoeneko nekez jo daiteke zientzia-fikziozko eleberritzat. Edo, bestela, fikzio batean, fikzio beldurgarri batean, bizi da mundua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo