GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Deabruak iradokitako konparazioak

Etxe Zuritik alde egi- teko prestakuntzak amaitzen aritu behar duen Karl Rove-ren garuna beste zerbaitetan murgilduta dagoelako edo, deabruak iradokitako konparazioa jaulki zuen Bushek joan den asteazkenean Kansas Cityn soldadu beteranoen aurrean. Rove eta deabrua bereizteko eginkizun korapilatsua beste baterako utzita, konparazio deabrutua baita Vietnam eta Iraken artekoa... batez ere gerra hartara ez joateko tranpak egin zituena (eta oraingo hau sutzeko tranpak egin dituena) denean konparatzailea. Zehatzago esanda, bi gerra horietan, guztira, 24 orduko egonaldia egin ez duen tipoa denean mezu numantinoena aldarrikatzera datorrena: orduan Vietnametik etxeratu behar ez genuen bezala, ez dugu Iraketik erretiratu behar orain. Harrapazak!

Hain da zaila Vietnam eta Irakeko gerren alderaketatik Bushen ildoaren aldeko konklusio bakarra ere ateratzea, ze orain arte «etsaiek» bakarrik erabili dutela argudio hori. Irakeko gerraren aurkakook alegia. Baina orain, irailean Petraeus prokontsularen egitasmoen azterketa egiteko ordu urduria iritsi denean, defentsarik onena (bakarra, agian) erasoa dela deliberatu bide du Etxe Zuriak, akabatutako zaldiak babeslekutzat erabili omen zituen Custerren antzera. Jada munduko migrazio derrigortuen eta, bidenabar, errefuxiatuen sorburu larriena bihurtuta dagoen herrialdearen egitatea ahazteko gai bagina, barrea ere eragingo luke Bushek boat people mesopotamiarrei eginiko aipamenak. Munduko gizakirik informatuena horrelako kaikukeriak jaulkitzen ikusteak, ordea, ez du barregurarik eragiten.

Egunotako adierazpen-zalapartaren barrenak serioski hausnartuz gero, hala ere, Vietnam eta Iraken arteko konparazio hori oso aintzakotzat hartu behar lukete batzuek. Nouri al Maliki lehen ministroak oso bereziki. Tuntuna ez dirudienez, honez gero konturatuko zen Estatu Batuetako stablishment-aren zati handi bat egoeraren errudun bat izendatu behar eta berari begira ipini dela. Ordezko posibleen izenak hizpide dira jada. Ez luke ahantzi behar Malikik antzeko egoera batean zer gertatu zitzaion Ngo Dinh Diem lehendakari hego-vietnamdar hari. Bere nagusi estatubatuarren esanera, bere morroiek estatu kolpea eman eta tiroz josi zuten, anaiarekin batera, 1963ko azaroan. Eta Cabot Logde enbaxadore estatubatuarraren egoitzaren baratzean ehortzi zuten Saigonen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo