GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Errege berria jautsi da

Lapurdiko agintariek Sarkozyren bisita aipatzen ziguten departamenduaren jorratzeko aukera gisa. Gezurra, ez dago aldaketarik txosten horretan Pariseko pasabideetan

Luis hamalaugarrena Donibanen ezkondu zen, zonbait aste pasatu zituen kostaldeko herrian. Gaur egun iragan horretaz oroimena zaintzen ibiltzen dira. Geroztik, Frantziako beste erregeek ez zuten horrelako aztarnarik utzi, azkenak bere lehen bidaia egitera etorri da lurralde honetan Frantziaren nagusigoaren gogoratzera. Pentsa bertako korte guziaren harrotasuna zertan zegoen! Urte guzian proiekturik gabe, Parisetik agintzen zaiena egiten iragaiten dute, eta horren txalotzera heldu zaie nagusia. Eguerditan otruntza ere izan dute harekin! Bide beretik jarraitzeko indar berriturik atera dira.

Ez du deus erran, ez du inongo aterabiderik proposatu, Ipar Euskal Herriak ezagutzen dituen problematikei buzuz ez du deus azaldu. Petzero gelditu gara!

Arrantzaz hitz egin du, babestu behar omen da eta, prentsaren araberan, Serge Larzabalek, dakigunez CGT sindikatari lotua dagoenak, konfiantza egiten diotela omen zion. Sarkozyrekin eskema guziak zapartatzen dira. Benetako erregea, eskaera egin eta beteko duela sinesten da. Jarrera politiko sozialak desagertzen dira, alegia, denek interes berdinak ditugula. Gezur horietatik atera beharko da, zeren erregeak ziuntako bidaiak egiten dituen bitartean, prentsa guzia gibeletik duelarik, atxiloketak eta kanporatzeak jo ta ke ari baitira martxan. Zerrendak luzatzen ari dira!

Baina, Sarkozy politika horren arduradun nagusia baldin bada, Alliot-Marie da Barne ministroa, bera da gaur egun paperik gabe daudenen kontra daramaten sarekaden arduraduna, kanporatzeak babesten dituena, portuan zeuden militanteen parean Polizia armatua jarri duena, protesta egiteagatik atxilotzeko aginduaren zaindari.

Bisita honek ez digu konponbiderako ate idekirik erakusten, kezka baizik ez digu pizten. Duela aste batzuk, Lapurdiko agintariek Sarkozyren bisita aipatzen ziguten departamenduaren jorratzeko aukera gisa. Gezurra, ez dago aldaketarik txosten horretan Pariseko pasabideetan!

Oso jarrera argia erakutsi beharko dugu heldu diren hauteskundeak baino lehen. Ez zaigu aski zentralitatearen teoria berria, hemen ez baita zentrorik, hemen Euskal Herria ez dute aipatu nahi ere. Hizkuntza erradikaltasuna da agintari horientzat, eta une honetan denek sinetsi nahi diete. Badirudi ezkerra desagertu dela, pentsatzen ari dela. Gogoeta funtsezkoa da, baina ekintza heldu beharko da, antolatua. Heldu diren hauteskundeetan, euskal nortasuna kriminalizatzen arituko dira, hau baita Allioti boz emaileak segurtatuko dizkiona, abertzaleen legitimitatea ezabatzea. Hau gure herria da, partekatzeko prest gaude, desagertzeko ez!

Azken urteetako lan guzia idekitze bati buruz zuzendua izan da, ez da ulertua izan, alderantziz, pentsatzen dute desagertzen ari garela. Laster galdetuko digute zenbat euskaldun dauden Ipar Euskal Herriko herrialdeetan, eta frogatu nahi izango digute gehiengoari guttiengoaren hizkuntzarentzat dirua ematea ezin zaiola eskatu. Eta kitto.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo