GARA > Idatzia > Kultura

Orain dela 2.000 urteko aztarna gehiago aurkitu dituzte Santiagomendin

Santiagomendin indusketa kanpaina berria burutu du Aranzadik. Erromak bere nagusitasuna ezarri zuenean, Gipuzkoako kostaldean bizimodua nolakoa zen ezagutzeko gero eta datu gehiago biltzen ari dira.

p041_F01_148X88.jpg

GARA | ASTIGARRAGA

Zeramika zatiak, ikatzak, etxebizitzen hormetako adobe hondakinak eta arrokan zulatutako kubeta bat dira Aranzadi elkarteak Astigarragako Santiagomendin burutu berri duen kanpainan berreskuratutako gauzarik aipagarrienetakoak, Manuel Zeberio indusketa zuzendariak ezagutarazi duenez.

Santiagomendin, Burdin Aroko herri bat izan zen; herri garrantzitsua gainera, arkeologoek azken urteotan agerian utzi dituzten aztarnak kontuan izanik. Herri hark iraun zuen Kristo aurreko milurtekoan, eta seguru asko jendeak han bizitzeari utzi zion lurraldea erromatarren eraginpean jarri zenean, hots, aro berriaren inguruan, orain dela 2.000 bat urte. Horregatik Aranzadik urtero-urtero indusketa-kanpainen bidez biltzen dituen datuak garrantzitsuak dira erromatar inperioak ezarri zituen aldaketek nolako eragina izan zuten hobeto ezagutzeko.

Paraje hartan bizi izan zen jendearen etxebizitzetako hormak lokatzezkoak ziren eta landarezkoak estalkiak, eta Gipuzkoako antzeko aztarnategi batzuetan ikusi denez, bere bizibidea nekazaritza eta abelazkuntza izan ziren. Santiagomendiko aztarnategian, gainera, ehorzte lekukotasunak ere aurkitu dira, hala nola inguruan dauden harrespilak.

Indusketa lanak Maria Teresa Izquierdok hasi zituen 1990ean. 1993an zeramika puska batzuk aurkitu zituztenetik, ondoz ondo etorri dira aurkikuntzak: bi harrespil, errekuntzarako bi eraikin, bizileku bat... eta hainbat lekuko material, kulturalki Kalkolito-Brontze Arokoak, Burdin Arokoak edo erromatar aroaren hasierakoak direnak.

Plinioren Morogiren bila

Bere «Historia Naturala»n, Plinio Zaharrak oppidum barduliar bat aipatu zuen, Morogi izenekoa. Hainbat adituk Urumea behereko hainbat lekutan kokatu nahi izan dute Morogi. Milagros Esteban eta Maria Teresa Izquierdo ikertzaileek zuzentzat ematen dute oppidum hura Urumea beherean egon izana, eta duela gutxi hausnarketa garrantzitsuak plazaratu dituzte gai horri buruz «Munibe» aldizkarian. Hausnarketa horiek kontuan izanik, Morogi Santiagomendiko herria izan liteke, baldin eta Plinio, oppidum haren berri ematean, aroaren aldaketa baino lehenagoko albisteetan oinarritu bazen. Izan ere, Santiagomendikoak dira eskualdean orain arte aurkitu dituzten garai hartako aztarna bakarrak. Alabaina -ohartarazi dute ikertzaileek-, Plinioren aipamena berak ikusitakoaren ondorio zuzena bazen, hau da, Kristo ondorengo I. mendekoa, ziurrenik erromatarren garaian eratutako herrigune batez ari zen. Horrela bada, ezaugarri horiek bete eta eskualdean goi inperioko hondakinak dituen leku bakarra Urgullpean dagoena da. Milagros Estebanek eta Maria Teresa Izquierdok hirugarren hipotesi bat ere plazaratzen dute: litekeena da Plinioren Morogi hura ez izatea herri jakin bat, eskualde bat baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo