Bat Formula Turkiako Sari Nagusia
Asperraldia Massak eta Hamiltonen arazoak apurtu dute
Massak eta Ferrarik bikain kontrolatu zuten lasterketa, eta erabat nagusi izan ziren. Alonso, zortea lagun, bost puntura hurbildu zaio Hamilton liderrari
GARA | ISTANBUL
43. itzulian, aurrealdeko eskuineko gurpila lehertu zitzaion Lewis Hamiltoni. Bere txarrean, zorte ona izan zuen britainiarrak; boxetan sartu eta bosgarren lekuari eutsi zion gutxienez. Horri eskerrak, emozio apur bat izan zuen Turkiako Sari Nagusi aspergarriak.
Denboraldiko hamabigarren lasterketan, Ferrarik nagusitasun osoa erakutsi zuen. Felipe Massa lasterketako jaun eta jabe izan zen, Rikkonen atzetik zela.
Fernando Alonsok, berriz, zorte handia izan zuen bere ehungarren lasterketan. Lan eskasa egin arren, hirugarren postua eskuratu zuen Hamiltonen zoritxarraz baliatuta. Britainiarrak munduko txapelketako lidergoan jarratizen du, baina asturiarra bost puntura dauka.
Ferrari eta BMWk bikain ekin zioten lasterketari, McLareneko mutilak gaindituta. Hamiltonek postu bat galdu zuen, eta Alonso seigarren lekura erori zen. Hala, Massa eta Raikkonenek berehala ihes egin zuten. Osterantzean ia ez zen ezer garrantzitsurik jazo aurreneko itzulietan, Heidfeldek ongi eusten baitzuen McLareneko asturiarra.
Gurpil aldaketek mesede egin zieten Mclarenekoei. Alonso laugarren postura igo zen. Aldiz, BMWkoen estrategiak atzera eraman zituen. Raikkonen Massari hurbildu zitzaion, baina ez zuen brasildarra aurreratzeko abagunerik izan.
Mugimendu gutxi
Ia ez zen mugimendurik izan. Asperraldia Hamiltonen ezbeharrak apurtu zuen, ez baitzen ezertxo ere pasatu azken itzulietan. Podiuma Massak, Raikkonenek eta Alonsok osatu zuten.