GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herriko Txapelketa

Nazabalek txapela irabazteko hautagaitza aurkeztu du

Etxarriko aizkolariarekin batera, Txapartegik, Otañok, Lopezek, Olasagastik eta Peñagarikanok ere lortu zuten urriaren14an jokatuko den finalerako txartela

p034_f01_147x111.jpg

J.L. | DONOSTIA

Nazabalek irabazi zuen atzo Lakuntzan jokatu zen Euskal Herriko Lehen Mailako Txapelketako kanporaketa. Harekin batera, Txapartegi, Otaño, Lopez, Olasagasti eta Peñagarikano sailkatu ziren azaroaren 14an jokatuko den finalerako.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen; finalean izango duten lanaren erdia, alegia. Berez, hamabi aizkolari daude maila nagusian, baina Larretxea eta Senosiain I.a falta ziren.

Hiru multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak. Lehenengoan, Txapartegi, Otaño, Azurmendi eta Barberena lehiatu ziren. Txapartegi izan zen azkarrena; oso lan ona egin zuen Aizarnako aizkolariak, eta bera izan zen lehena. Otaño sailkatu zen bigarren, eta amaieran biak sartu ziren finalean. Uste baino ahulago aritu zen Azurmendi, eta Arriarangoa finaletik kanpo geratu zen. Barberena ere azken urte hauetan finalean izan da, baina Beruetekoak amaieran azken-bigarren amaitu zuen.

Bigarren txandan, Lopez, Peñagarikano eta Mugertza lehiatu ziren. Lehia ederra izan zuten saio horretan Lopezek eta Peñagarikanok, baina amaieran nafarrak aurrea hartu zion gipuzkoarrari; biek lortu zuten, ordea, finalerako txartela. Mugertzak, berriz, azkena amaitu zuen.

Hirugarren eta azken saioan, Nazabal, Olasagasti eta Vicente neurtu ziren. Etxarriko aizkolariak argi eta garbi utzi zuen txapela lortzeko faborito nagusia dela hiru minutu pasako aldea kendu baitzion Olasagastiri. Vicente izan zen azkena, baina amaierako sailkapenean zortzigarren izan zen.

Larretxea, behera

Atzo baieztatuta geratu zen Donato Larretxeak maila galduko duela. Gaur egungo txapeldunak uko egin dio aurtengo lehiaketari gerrian dituen arazoak direla-eta, baina ez du sendagileen txostenik agertu, eta, beraz, lehiaketari uko eginda bezala geratzen da. Horrek maila galduarazi dio, atzo aizkolariak berak GARAri baiezatu zion bezala. «Bai, esan didate Bigarren Mailara joango naizela», esan zuen.

Medikuaren agiririk zergatik ez duen aurkeztu ere azaldu zuen: «Gerritik oso justu nabil eta sendagileek lan luzerik ez egiteko gomendatu didate, baina laburretan ez zidaten oztoporik jarri. Asteburu honetan Europako Txapelketa ere bazegoen, eta hango lan laburretan aritzeko arazorik ez nuenez, uko egin nion Euskal Herrikoari. Sendagileen agiria aurkeztu, eta Europara joan izan banintz, beste zigorren bat ere jasoko nuelako».

Horren arabera, beraz, Mugertza izan zen atzo maila galdu zuen aizkolari bakarra, baina mutrikuarrak ere badauka onenekin jarraitzeko aukera. Izan ere, Senosiain ez zen izan atzoko kanporaketan, gaixorik zegoelako, baina Mugertzak hari desafioa botatzeko aukera dauka. Mutrikuarrak egingo zuela baieztatu zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo