GARA > Idatzia > Gutunak

ERNESTO PRAT URZAINKI Elizondo, Baztan

Mutil-dantzak pitilin-dantzak?

Mutil-dantzetan nesken parte-hartzearen eztabaida azken boladan berpiztu da. Neskak dantzatzearen kontra daudenek erabil- tzen duten argudio nagusia izena da: mutil-dantzak, mutilen dantzak. Zer izan zen lehenago dantza ala izena? Hau da, dantzak mutilak dantzatzeko asmatu ziren edo kultura matxista batean mutilek soilik zuten nolabaiteko «ohorea» dantzatzeko eta denboraren poderioz izenik gabeko dantzak mutil-dantzak deitzen hasi ziren? Nik ez dakit zein den dantza hauen jatorria eta ez dut uste inork izanen duenik afera honen erantzuna, bakarra baldin bada.

Izenaren argudioak ez du ez hanka eta ez bururik. Argudio sinple bat desmuntatzeko galdera sinple bat; nolatan onartzen ahal da larrain dantza jotzea eta dantzatzea frontoietan, karriketan edota plazetan? Izenak erraten duenez larrainetan dantzatu beharko zen, ezta? Dantza hau, berez, neska-mutilek osatutako bikoteek dantzatzen dute, baina maiz bi neskek edo bi mutilek dantzatzen dute. Zer egin beharko lukete gaitariek? Gelditu? Zentzugabea, ezta?

Dena ohituraren izenean. Noiztik da ohitura atorra zuria, pintzak dituzten praka eta zapatekin dantzatzea? Noiztik dira ohitura 20 minutuko zortzikoak? Noiztik dira ohitura arin-arinik gabeko fandangoak? Noiztik da ohitura nork dantzatzen ahal duen eta nork ez txistulariak erabakitzea? Noiztik da ohitura bere betebeharrak betetzen ez dituen txistulariari ordaintzea? Gauza batzuk aldatzen ahal dira eta bertze batzuk ez? Nork erabakitzen du hori? Bistan denez, ohiturak egin eta desegiten dira.

Eztabaida hauen gainetik, nire ustez, bertze arazo potoloago bat dago. Jendarte sexista batean bizi gara. Honen ondorioz kultura eta heziketa sexistak jaso ditugu. Txikitatik hainbat eredu eta ideia sartu dizkigute, barne-barneraino eta, nahita ez bada ere, anitzetan jarrera sexistak mantentzen ditugu. Kulturan, bertze eremuetan bezala, emakumearen partehartzea normalizatu behar da. Atzendu behar ditugu konplexu eta urteen poderioz inposatutako molde itxi guziak. Mutil-dantzak dantza herrikoiak direlako guziok izan behar dugu parte hartzeko aukera, mutilek eta neskek. Mutil-dantzak bai, pitilin-dantzak ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo