Milaka pertsona espero dute datorren igandean Artziniegan izango den Erdi Aroko merkatuan
GARA |
Milaka pertsonak hartuko du parte datorren igandean Artziniegan egingo duten antzinako merkatuan. Uda bukaeran izaten zen garaiko produktuen salerosketak gogorarazteko helburuarekin antolatzen dute merkatu erakargarri hori, eta 150 saltoki jarriko dituzte kaleetan barrena.
Artziniegako alde zaharrak muino batean eraikitako Erdi Aroko hiribildu baten ezaugarriak ditu. Hiru kale ditu, ekialdetik mendebaldera: Goiko kalea (eliza alde batean du), Erdiko kalea eta Behekoa. XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako jauregi barrokoak eta errenazentistak gaur egunera arte bere horretan gorde dira alde zaharrean. Azken mendekoak, esaterako, oso bitxiak dira, lorategia duten patioak ikus baitaitezke horietan.
Era berean, interes historikoa eta arkitektonikoa duten eraikinen artean, Correo kaleko dorrea nabarmendu behar da, eta horrez gain, Ortiz Molinillo de Velasco sendiaren dorrea, baita Agustinatarren komentua ere. Halaber, Jasokundeko Andra Mariren parrokia ere ikusteko moduan dago. Giro honetan, alde zaharreko sarreran, bere garaian herria inguratzeko eraiki zuten harresia gogorarazteko asmoarekin, ate handi bat prestatzen ari dira Erdi Aroko merkaturako. Bestetik, aurreko urteetan egin duten moduan, kaleetan gaur egun ikusten diren seinaleak eta kableak tapatuko dituzte. Era berean, armarriak jarriko dituzte etxeetan.
Sagardoa, txerrikia...
Merkatuan ariketa praktikoak egingo dituzte; besteren artean, sagardoa prestatzeko prozesua erakutsiko dute, eta horrekin batera, edari bizien destilatze prozesua emango dute ezagutzera. Txerriak hilko dituzte, eta animalien produktuak aprobetxatu. Ekimenen artean, gainera, garaiko emakumeen orrazkera nolakoa zen erakutsiko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Artziniegako zaldi eskolako zaldiak erabiliko dituzte, bestalde, garaiko arroparekin jantzirik izango diren gizon-emakumeek paseatzeko. Zeramika, margo, landare, eta jokoen lantegiak antolatuko dituzte haurrek disfrutatu ahal izateko, eta, horretaz gainera, bertako Etnografia Museoa zabalik izango da behar diren saltokiak apaintzeko.
Bestetik, kale antzerkia, magoak, hankapalu eta juglareak izan dira Artziniegan datorren igandean. Alde zaharraren ondoan dagoen frontoian, herri bazkaria egingo dute. Haurrentzat 12 euroan eta nagusientzat 15 euroan salgai izango dira txartelak goiz osoan Informazio Bulegoan.