Sega Europako Txapelketa Harri-zulatzea
Euskaldunek ez dituzte emaitza oso onak lortu
Marialuixa Gabirondo eta Jexuxmari Goenaga izan dira onenak nesketan eta mutiletan, eta hamabigarren eta hamaseigarren amaitu dute
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Amaitu dira Europako segalarien txapelketak, eta ezin esan euskaldunek emaitza onak lortu dituztenik, lehen postuetatik nahiko urruti ibili baitira. Bazegoen zerbait lortzeko itxaropenik, batez ere emakumezkoetan, baina ezinezkoa izan da ezer eskuratzea.
Europako Txapelketa nazioarteko eran egiten dute; azkartasuna eta txukuntasuna uztartuta, alegia. 35 metro koadro moztu behar izan zituzten neskek; eta 100 metro koadro, berriz, mutilek.
Itxaropen handia zegoen nesketan Marialuixa Gabirondorekin, eta bera izan zen lehendabiziko euskalduna ere, baina hamabigarren postuan amaitu zuen. Antsa izan zen bigarren euskalduna, hamalaugarren postuan. Geretsa hamazazpigarren izan zen; hamar postu atzerago geratu zen Astondoa, eta 28. izan zen Garmendia. Irabazlea, berriz, Locker austriarra izan zen; bigarren, Folin Suitzakoa, eta hirugarren, Garner, Austriakoa.
Mutiletan, berriz, Jexuxmari Goenaga errezildarra izan zen lehen euskalduna, baina hori ere dominetatik aparte ibili zen. Hamaseigarren amaitu zuen. Goikoetxea izan zen bigarren euskalduna, eta gazteluarrak hogeigarren amaitu zuen. Besteak atzean ibili ziren. Hauek izan ziren postuak: Gabirondo, 41, Arteaga, 43; Izagirre, 45; Egia, 48; Garmendia, 51; Kanflanka, 53; Iraola, 54 eta Lizaso, 56.
Aitzakiarik ez
Euskaldunak itxaropentsu abiatu ziren Austria aldera, baina lortutako emaitzak ez dira izan itxaroten ziren bezalakoak. Horren arrazoiak zein izan diren azaldu zuen Altzok, Almintza elkarteko kideak. «Egia da emaitza hobeak itxaroten genituela, baina gaur egun Europan oso maila handia dago, eta hori garbi ikusi da txapelketa honetan. Horixe izan da emaitza hobeak ez lortzeko arrazoi nagusia», adierazi zuen.
Aitzakiarik ez zegoela onartu zuen Altzok: «Aitzakiarik ez dago; belarra ona zen, baldintzak onak ziren, baina lehen aipatu bezala, maila oso handia dago Europan, eta hemen zerbait egitea oso zaila da».
Hori bai, erremintak agian aldatzen hasi beharko direla onartu zuen. «Guk erabiltzen ditugun erremintak agian ez dira egokienak nazioarteko eran edo kanpoan aritzeko, eta uste dut tenorea izan daitekeela besteen parean jartzeko», esan zuen. Hemendik bi astera, taldekako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Ordizian.
Ligako zazpigarren jardunaldia jokatu zuten Bilbon, eta Jaizubiak irabazi du berriro ere 15 zulo pasa eginda. Bigarren Trapagaran izan zen zulo batera, eta hirugarren, Txoriherri, bira. Emaitza horien ostean, Jaizubia doa lehen postuan 69 punturekin, eta atzetik, 54rekin, Txoriherri eta Galdames daude.