GARA > Idatzia > Pilota

Etxeberrik eta Saint Estebenek eraman dute Itsasuko Torneoa

J.L. | DONOSTIA

Etxeberrik eta Saint Estebenek irabazi dute Itsasuko Belaki Torneoa. Horretarako, azkeneko partidan, Alfaro eta Ducassou menderatu zituzten, 40 eta 31.

Jendez gainezka jarri zen trinketa finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Horrek lehendik egiten zuen beroa areagotu zuen, eta pilotariei sufritzea egokitu zitzaien, ez baitzen hozberorik egokiena kirola egiteko.

Hala ere, lau pilotariek maila oso ona eman zuten. Lehia izan zen markagailuan, baina Herve Etxeberrik erabaki zuen. Aurrelaria oso sasoi onean dago, eta Belaki Torneoan ere mailarik onena erakutsi zuen.

Itsasuko lehiaketa horretan, udan torneorik gutxien jokatu dituzten pilotariei aukera eman nahi izan die EPB enpresak, eta gauzak ongi atera zaizkio, oso maila oneko partidak ikusi baitira.

Urruña

Itsasuko Torneoa amaituta, Urruñakoak hartuko dio lekukoa, Lapurdiko herri horretako jaietan izango baita lehiaketa hori.

Txapelketa horretan, gainera, herritarrek izango dute protagonismoa, Urruñak dituen hiru pilotari profesionalak izango baitira lehia horretan. Ezkurra anaiek eta Lazkanok mailarik onena eman nahi dute herritarren aurrean.

Ezkurra I.a-Etxeto, Etxeberri-Kurutxari, Sorhuet-Ezkurra II.a eta Larretxea-Lazkano izango dira aurrez aurre egongo diren pilotariak.

Datorren astelehenean jokatuko dute estreinako finalerdia, 16.30ean, eta han arituko dira aurrez aurre Ezkurra I-Etxeto Etxeberri-Kurutxariren aurka.

Hurrengo egunean, irailaren 4an alegia, Sorhuet-Ezkurra II-a Larretxea-Lazkanoren aurka neurtuko dira. Finala, berriz, irailaren 5ean jokatuko dute, 18.00etatik aitzinera. Lehiaketa hori ikusi nahi duenak eta sarrerak aurretik erosi nahi dituenak 059 54 22 06 telefono zenbakira deitu behar du Ipar Euskal Herritik deitzen badu; eta Hego Euskal Herritik deitzen badu, berriz, 00 33 559 54 22 06 telefono zenbakira deitu beharko du.

Uda azkeneko egunetan sartzen hasita dago, baita udako trorneoak ere; izan ere, horiek herrietako jaiekin batera izaten baitira. Udako azkeneko torneo garrantzitsua Sarakoa izaten da, eta aurten ere maila handiko torneoa izango da, egungo pilotaririk onenak bertan egongo baitira.

Honako hauek izango dira Saran jokatuko duten bikoteak: Larretxea-Etxeto, Bielle-Ezkurra II.a, Alfaro-Ozafrain eta Waltari-Kurutxari.

Lehen finalerdia irailaren 9an jokatuko dute Larretxea-Etxetok Bielle-Ezkurra II.aren aurka; bigarrena, berriz, Alfaro-Ozafrainek Waltari-Kurutxariren aurka jokatuko dute irailaren 10ean. Hurrengo egunean jokatuko dute finala. Partida guztiak 18.00etan hasiko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo