GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Ligaren analisia

Kontxari begira azken mugimenduak traineruetan

Urdaibaik tripulazio berbera erabili zuen bai Laredon eta bai Orion garaipena eskuratzeko

p044_f01_199x116.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Urdaibairen nagusitasuna. Horixe da San Miguel Ligari dagokionez abuztuko azken bi estropadek asteburuan utzi duten ondorio nagusia. Laredon eta Orion garaile izan dira, egoera erabat ezberdinetan, eta Patxi Bilbaok, aldaketaren bat gorabehera, bere gustuko tripulazioa aurkitu duela esan daiteke. Ligan hamar puntuko koltxoia dute jada Oriorekiko eta hurrengo bi asteetan Kontxako estropadan buru-belarri zentratzeko aukera izango dute.

Larunbatean, Laredon, aurreko igandean Zarautzen itsaso zakarrarekin horren ongi erantzun zuen koadrila errepikatu zuen Urdaibaik: Bereziartua, Rodriguez, Carrion, Polo, Arrizabalaga, Gallo, Duñabeitia, Portularrume, Zabala, Gaizka eta Gorka Olazar, Millares, Zulaika eta Zurinaga patroi moduan. Eta igandean, Orion eta itsaso barearekin, talde horrek berak lortu zuen garaipena.

Beste traineru gehienek, ordea, aldaketak egitea erabaki dute asteburuan. Hondarribiaren, Pedreñaren eta Zarautzen kasua da, esaterako. Larunbatekoan arraunlari titular dezente utzi zituzten kanpoan, eta gehienak igandean itzuli ziren ontzira. Gorakada nabarmena izan zuten hirurek eta Kontxan sartzeko aukera asko dituzte.

Hasieran, igandeko estropadak ere zenbait arraunlariri atsedena emateko egun aproposa zirudien, ostegunean Kontxako sailkapen estropada jokatuko dela kontuan hartuta, baina entrenatzaile gehienek tripulazio titularren maila fisikoa neurtzeko aukeratu zuten Orioko estropada hori.

Aldaketa aipagarri bakarrak Oriok eta Castrok egin zituzten. Aizperrok Andoni Peña sartu zuen ababorreko aldean, Ibon Gaztañazpiren lesioak hala behartuta. Castron, berriz, Juan Mari Etxabe entrenatzaile eta arraunlari oiartzuarrak kanpoan geratzea erabaki zuen, eta ontziak asko nabaritu zuen.

Oriotarrek hainbestean erantzun zuten, baina La Marinera oso atzean ibili zen duen mailarako: zortzigarren amaitu zuen estropada. Kontuan izan behar da, hala ere, biek hirugarren eta laugarren kaletik egin zutela arraun, txandaz txanda emaitzarik txarrenak egin ziren bi kaleak, hain zuzen.

Eguraldiari begira

Asteburuan argi geratu den beste kontu bat eguraldiak emaitzetan izan dezakeen eragina da. Galiziako bi ontziek, bakoitzak bere mailan, oso lan ona egin dute itsaso mugituarekin jokatu diren bi estropadetan, Zarautzen eta Laredon. Arkotek, bestetik, sekulako lana egin zuen Orion itsaso onarekin, bezperan egoera zailagoetan ikaragarri sufritu eta gero. Kontxako sailkapen estropadari begira, beraz, oso kontuan izan beharko da itsasoaren egoera, ezusteko bat baino gehiago egon daitekeelako badian.

Eguraldi iragarpenen arabera, baliteke eguraldi txar samarra izatea ostegunean, ipar-mendebaldeko haizearekin. Aurkitu ditugun itsaso iragarpen zehatzak bihar artekoak dira, eta horietan arratsalderako itsaskia edo itsaki handia aurreikusten da, eta haizeak 4ko edo 5eko indarrarekin ere jo lezake.

San Miguel Ligako ontziek, gainera, kontuz ibili beharko dute beste mailetan emaitza bikainak lortzen ari diren traineruekin. Tiran, Getaria eta Pasai Donibane dira, bereziki, goikoen nagusitasuna kolokan jar dezaketenak eta, horien kasuan ere, itsasoaren egoerak zer esan handia izan dezake.

Tiranek Galiziako liga irabazi berri du eta Espainiako Txapelketan oso maila ona eman zuen goi mailako ontzien aldamenean. Bestetik, deigarria da Pasai Donibanek azken asteetan erakutsi duen gorakada. Pasaitarrak dira itsaso txarrarekin bikain moldatzen diren beste ontzietako bat eta KAE-1 Ligako azken hiru estropadak segidan irabazi dituzte. Getaria ere kontuan hartu beharko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo