GARA > Idatzia > Arrauna

Egin apustu arraunzaleok Kontxako Bandera azkenean iritsi da-eta!

Unai ARTETXE

Kontxako Banderaren bezperan Laredon eta Orion egindako erakustaldiak aurkariak beldurtzeko modukoak izan dira. Batean, itsaso txarrari eta haizeari aurre eginda. Bestean, itsasoa lagun izanda. Lehenengoan zein bigarrenean, hala eta guztiz ere, Urdaibai garaile.

Oriorekin lehia polita izan zuen denboraldi hasieran, baina orain Bou Bizkaiari aurre egingo dion ontzirik ez dagoela dirudi. Kontxako Banderan akaso? Zeinek daki! Izan ere, Donostiako estropadak ez omen du zerikusirik urteko beste lehia guztiekin. Hori diote, behintzat, tostetan izaten diren arraunlariek, eta jaramon egin beharko diegu, nola ez.

TKEk antolatzen duen Liga historian bigarrenez irabaziko dute Patxi Bilbaoren mutilek. Dagoeneko apustua egina dut, eta ez dut uste galduko dudanik. Baina Kontxan zer gertatuko den zalantza dut. Sailkatze estropadan ezustekoak izaten dira, baina ez dut uste faboritoek huts egingo dutenik, batez ere, iaz Hondarribiari gertatutakoaren ostean denak tentu handiz joango direlako.

Orduan? Nik Urdaibai, Orio, Hondarribia, Pedreña eta Zarautz segurutzat ematen ditut. Donostia Arraun barruan dela jakinik, zeintzuk izango dira beste biak? Nire susmoak baditut, baina nahiago dut sailkatze estropada pasatu arte ezer ez aipatu, tonto aurpegia saihesteko-edo. Telebistako aurkezle famatu batek dioen bezala: «Egin apustu, arraunzaleok!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo