Euskal Herriaren borrokari buruzko dokumentala aurkeztu dute Argentinan
Askapena eta Resumen Latinoamericanoko zinema taldearen artean «Euskal Herria, una historia de lucha y resistencia» dokumentala ekoitzi dute, eta joan den ostegunean estreinatu zuten Buenos Airesko Maiatzeko Plazako Amen Unibertsitatean.
GARA |
Hego Ameriketan Euskal Herriaren borrokak izan duen bilakaera ezagutarazteko ekoitzitako dokumentala aurkeztu zuten joan den astean, Buenos Airesen. Resumen Lationamerikanoren zinema taldeak eta Askapenak elkarlanean egindako dokumentala da «Euskal Herria, una historia de lucha y resistencia», eta oztopo guztien gainetik herri honek aurrera egiteko erakutsi duen gaitasunaz hitz egiten du.
Filma ikusteaz gain, bertan diren Askapeneko brigadistek Argentinako herri elkarteetako ordezkariekin (Comedor Los Pibes del barrio de La Boca, Partido Comunista Revolucionario, Agrupación Martín Fierro, Congreso Boliviariano de los Pueblos eta Partido Comunista) eztabaida bat ere egin zuten Euskal Herriaren egoeraren inguruan.
Uruguain ere aurkeztu dute azken egunetan dokumentala; hain zuzen ere, Montevideoko Fonoplatea de Radio Centenarion. Ekitaldi horretara ere jende andana joan zen Askapenak prentsa adierazpen batean azaldu duen moduan, eta bertan izan ziren herrialde horretako zenbait buruzagi politikok eta giza eskubideetakoek parte hartu zuten.
Bolivian, autonomia hizpide
Askapeneko beste brigada bat Bolivia aldean ari da egunotan, eta Altoko Unibertsitatean emango duten hitzaldi batean izango direla ezagutarazteko prentsaurrekoa eman zuten Jóvenes de Octubre erakundeko ordezkariekin batera.
Bolivian azkenaldian herrien autonomien inguruan egiten ari diren eztabaida izango da gaia. Askapeneko kideek beren ikuspuntua eta esperientzia babestuko dituzte, eta salatu zutenez, Euskal Herriarentzat «Frankismoa amaitzerakoan Estatu espainiarrak diseinatutako autonomia erregimenak subiranotasuna berreskuratzerakoan oztopoa» ekarri du. Horrez gain, Askapeneko kideek adierazi zuten ezin direla maila berean jarri «herri guztiei dagokien autodeterminazio eskubidea eta helburu ekonomiko hutsa bilatzen duen oligarkiaren autonomia eskakizunak».
250 pertsona inguru joan ziren filma ikustera, eta proiekzioa bukatutakoan eztabaida egin zuten Askapeneko brigadisten eta bertako hainbat giza elkarteren artean. Maputxe herriaren ordezkariek, Paraguaiko militanteek eta Venezuelako gazte mugimenduko kideek ere parte hartu zuten ekitaldian.