Pertsona gorrak komunikazio handiagoaren bila
Pertsona gorren bizi-kalitateak nabarmen egin du hobera, besteak beste teknologia berriei esker. Hala onartzen dute pertsona gorren elkarteek berek, baina baita gogorarazten oraindik oztopo askori aurre egin behar dietela. Zeinu-hizkuntzaren ofizialtasuna onartuko duen legearen zain, badakite ate asko irekiko dizkien lege hori onartu ondoren, ordea, baliabide ekonomiko asko eta, azken batean, borondate politikoa beharko dela hura eraginkorra izateko. Izan ere, elkartasuna egoera politikoaren mendeko izaten da, zoritxarrez. Legeak kasu askotan erakustoki gisa erabiltzen dira, haien aplikazioa eskasa baita. Aipatzekoa da, esate baterako, EiTBko programen bikoizketa urria, edo interprete-zerbitzu publiko baten falta. Nolanahi ere, nabarmentzekoa da gizartearen inplikazio falta pertsona horiekin komunikatzeko. Argi dago hobera egin duela pertsona horien egoerak, baina hobekuntza hori teknologien aurrerapenaren adinakoa al da? Galdera horren erantzunak ez dirudi hain baikorra. Teknologia gutxiengo ekonomiko boteretsu baten zerbitzuan dago, eta ez oztopo gehien dituztenen zerbitzuan. Are larriagoa da administrazio publikoek ere logika horretan jokatzen dutenean. Beharbada horiek komunikazio ahalbide guztiak eskainiz gero, herritarrak ere saiatuko lirateke pertsona horiekiko komunikazioa areagotzen.