GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekeitioko Gazte Asanbladak alkatearen «frogarik gabeko» leporaketa salatu du

Gazte Asanbladak gogor salatu zuen saihesbidearen aurkako erasoak gazte «konkretu» batzuei «frogarik gabe» leporatu dizkiela Lekeitioko alkateak. Hala, Asanblada errugabea dela esateaz gain, «proiektu txikitzaile» horren aurka daudela adierazi zuten gazteek.

p012_f01_199x116.jpg

GARA |

Astelehenean Jose Maria Kazalis Lekeitioko alkateak egindako adierazpenak oso gogor salatu zituen atzo kostaldeko herri honetako Gazte Asanbladak.

Izan ere, Kazalisek Lekeitioko asteburuan izandako saihesbidearen aurkako erasoak gazte lekeitiar batzuei leporatu zizkien. Hori dela-eta, alkateak salaketa horiek «inongo frogarik gabe» egin zituela adierazi zuen gazte herri taldeak.

Prentsa ohar batetan, alkateak botatako hitzak goitik behera kritikatzeaz gain, Lekeitioko gazteen kolektiboak bere interpretazio propioa egin zuen saihesbidearen proiektuaren inguruan. Bizkaiko herri horretarako onartu dituzten azkeneko hirigintza proiektuak, hots, azpiegitura hidraulikoak, etxebizitza eta herri lanen arloko ekimenak eta saihesbidea bera, «inposatzen ari zaizkigun proiektu txikitzaileak» dira plataformaren ustez.

Herri nortasuna eta borroka

Beste alde batetik, proiektuaren aurka egindako borroka nabarmendu zuen Gazte Asanbladak. Borroka «hainbat eratako ekimenak eginik, eta herri nortasunaren defentsa aldarrikatuta» egin dutela adierazi zuten lekeitiar gazteek. Gainera, ekimen horietan Ertzaintzak egin dien errepresioa salatu zuten. Azken horren adibide gisa jarri zituzten orain hilabete antolatutako bizikleta martxan beren burua identifikatu behar izan zutela eta jarri dizkieten isunak.

Bestalde, borroka honetan modu aktiboan dihardutenak gazteak baldin badira ere, «herri osoko eta adin guztietako jendearen borroka» dela ziurtatu zuen Lekeitioko Gazte Asanbladak. Kideen ustez, proiektu horrek «etorkizuneko Lekeitio turistiko eta lanpostu gabekoa» ekarriko du, eta horretaz «lekeitiar guztiak» ohartu direla deritzo Asanbladak.

Ohar horretan, gainera, gazteen kolektiboak alkateari adierazi zion erasoak egitean erruduna aurkitzen saiatu baino gehiago «proiektuak herrian duen atxikimendua» kalkulatu beharko lukeela.

Alde horretatik, lekeitiarrek onartzen ez duten proiektua dela diote gazteek. Gainera, saihesbidea gelditu arte etsiko ez dutela ziurtatu zuten.

salaketa faltsua

Lekeitioko Gazte Asanbladak argi utzi nahi izan zuen saihesbidearen aurkako erasoetan zerikusirik ez duela. Proiektu horren kontrako ekimen asko antolatu dituzte; ez, ordea, alkateak bere adierazpenetan aipatu zituen erasoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo