GARA > Idatzia > Ikusmira

Gorpuak eta egia lurpetik ateratzen ari dira

Aranzadi eta Katin Ttiki elkarteek astelehenean Oiartzunen aurkitu zuten hobia deserosoa izan liteke zenbaitentzat. Gerra Zibilean frankistek fusilatutako lau lagun errepublikarren gorpuak aurkitu izana bazterrak nahasteko gogoaren adierazle baita horientzat. Bizilagunen arabera, bost lagun lurperatu zituzten bertan, eta haien gorpuen bila inguruko lur guztia mugitu behar izan dute. Lur asko mugitu eta, batez ere, denbora asko itxaron behar izan dute haien senide eta ezagunek, haien herriak. Horrenbeste urtean desagerraraziak, haiek eta haien familiak horrenbeste urtean irainduta eta isiltzera behartuta, beldurtuta bizi izan ondoren, borreroen ondorengo politikoei deseroso suertatzen zaie gorpuak agertzea. Deseroso lurrak, historia ofiziala eta edozer mugitzea. Baina gorpu horiekin eta beste askorekin batera, egia ere desagerrarazia dagoen herri honen gehiengo zabalari eskertzeko moduko lana iruditzen zaio Aranzadi, Katin Ttiki eta beste zenbait elkarte egiten ari diren lana. Biktimengatik eta haien senideengatik, eta bere iraganeko egia, gordina izanda ere, berreskuratu nahi duten herritar guztiengatik. Izan ere, faxismoak hil eta ezkutatu zuen lagun baten gorpua aurkitzen denean, harekin batera egiaren zati bat ere ateratzen baita lurpetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo