GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giro aparta eta jende ugari izan zen Berriozarko jaien hasierako egunean

Ezker Abertzaleko eta Nafarroa Baiko hainbat ordezkari Berriozarko txupinazoan izan ziren atzo. Eguzki plazan giro ederra sortu zen: jan-edanez, musika doinuaz eta dantzari nahiz erraldoien ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten hara joandakoek.

p016_f02_148x104.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Atzo arratsaldean hasi ziren Berriozarko bestak, eta datorren igandea arte izanen da horietaz gozatzeko aukera. Dena den, eguerditik izan ziren ekitaldiak Berriozarren: 13.00etan aurten erretiratutako udal langileak agurtzeko ekitaldia burutu zen Udaletxean, eta ondotik Labarga Elkartean bazkaria eman zuten, bazkalondorako bakarrizketak prestatu zituztelarik. Txupinazoa baino ordubete lehenago, sari banaketa egin zuten, jaietako kartelen eta argazki lehiaketako irabazleei opariak banatu eta aurten nabarmendu diren herriko elkarteak eta kirolariak omendu ziren.

18.00etan bota ziren jaien hasierako suziriak, eta aurten 20 urte bete dituzten taldeen eskutik izan zen txupinazoa. Udal Musika Taldeak, Abesbatzak eta Haizaldi gaita taldeak besta onak opa zizkieten hara hurbildutakoei, eta horrela hasiera eman zitzaion musikari eta bonba japoniarren jaurtitzeari. Berehala otamena banatzen hasi ziren herritarrak, eta zurrakapotea edan ahal izan zen gazte talde batek gurdian ekarritakoari esker. Eguzki Plazan giro ederra zegoen, eguraldia lagun, eta ikur aunitz ikus zitekeen. Plazarako sarreraren gainean ikurriña, Nafarroako ikurra eta presoak etxeratzearen aldeko oihala jarririk zeuden, eta txupinazora joandako hainbat lagunek ere ikurriñak erakustarazi zituzten. Aipatzekoa da hainbat aurpegi ezagun ere ikusi ahal izan zela Eguzki Plazan atzokoan; Aurten alkatetza lortu duen NaBaiko hainbat ordezkari izan ziren bertan, bertzeak bertze, Patxi Zabaleta, Joseba Eceolaza, eta Atarrabia nahiz Barañaingo alkateak. EAE-ANV-k ere hiru zinegotzi lortu ditu Berriozarko Udaletxean, eta taldekidea den Izaskun Cebrian izan da Jai Batzordeko arduraduna. Bere herriko besten hasierako ekitaldian izan zen Pernando Barrena, eta Joseba Permach, Mariné Pueyo eta Ainhoa Irigibel izan zituen lagun, bertzeren artean.

Behin txupinazoa botata, Udal Musika Taldea martxan jarri zen, eta beranduago gauza bera egin zuten gaita-jotzaileek ere, Erraldoien ekitaldiarekin. Buruhandiak ere hara-hona zebiltzan haurrak zirikatzen. Erraldoien saioaren ondotik, txistuaren soinuan Hulargi haurren dantza taldeak emanaldia eskaini zuen, adin txikiko neska-mutilek dantzatu zutelarik.

Botxa txapelketa

Txupinazoaren ondotik Erraldoi eta Buruhandiak herriko kaleak alaitzera atera ziren, musikariek lagunduta. Ordu erdi beranduago haurrentzako ikuskizuna prestatuta zegoen, «Gorgoritoren abenturak» izeneko txontxongilo emanaldia hain zuzen ere. Hasiera batean Foruen Plazarako iragarria bazegoen ere, antolatzaileek Musika Eskolara aldatu zuten Maese Villarejoren ikuskizuna, zeru goibelak euria iragartzen zuen eta.

Gaurko 11.00etako mezaren ondotik Hulargi eta Txori Zuri taldeetako dantzarien saioa izanen da, eta segidan Maiordomoen eskutik otamenarekin bete hal izanen da sabela. 12.30etan Botxa Txapelketako finala jokatuko dute helduek zein haurrek.

Berriozarko Haizaldi gaita taldeak 20 urte bete ditu

Udal Musika Taldeak, Abesbatzak eta Haizaldi gaita taldeak hogei urte bete dituzte aurten, eta Udalak txupinazoa botatzearen ardura emanez omendu nahi izan zituen. Haizaldi taldean sei lagun biltzen dira, eta horietako hiru taldearen hastapenetik hona aritu dira jotzen. Iruñeako «Artearen Lagunak» erakundearekin hasi omen ziren entseguetan, eta berehala Udalak kontratatu omen zituen eta gaur egun arte harekin lotutako hitzaremen bidez aritu dira. Herriko bestak dira gaita-jotzaileek urteren buruan egiten dituzten saioetan garrantzitsuena, eta egunero Erraldoien kalejira laguntzeaz gain, gauero herri-dantzak eskaintzen dituzte Eguzki plazan, Larrain Dantza buru duen saioan. Erraldoiekin batean Berriozartik kanpo ere aritzen dira, Lakuntzan, Berrioplanon eta Iruñeko sanferminetan. Gaita-jotzaile Iñaki Anduezak kontatu duenez, ez da erraza musika-tresna jotzea; asko entseiatu beharra dago bertzela ezpainek aunitz sufritzen dutelako. Klaseak ere ematen dituzte, Iruñean eta Berriozarren. J.M.

Aurpegi ezagunak

NaBaiko Patxi Zabaleta, Joseba Eceolaza, eta Atarrabia eta Barañaingo alkateak txupinazoan izan ziren atzo. Ezker Abertzaleko Pernando Barrena, Joseba Permach, Mariné Pueyo eta Ainhoa Irigibel ere han izan ziren besten hasieran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo