GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sukarraren kalentura

Pribatizazio sukarra arin dago zabaltzen han-hemenka, kalentura legez, planetan garatzen dauden pandemien artean pandemiena, dudarik gabe, beste pandemia guztien sorburu. Behien gripea eta hegazti eroen gaitza pribatizazio horren ondorio ezagun bi dira, pertsonen gripe hipotekario eroarena ez aipatzearren. Hori omen da Administrazio Publikoaren helburua, ekimen pribatuari bidea zabaltzea, ordainsaririk gabeko bidea gainera, ordainsari hori ekimen pribatuak berak ipiniko baitu bidea berarentzat hartu eta segituan. Egia esan, ez dakit zergatik esaten den ekimen pribatuarena, ekin benetan publikoak ekiten duelako, bestearen mesedetan. Kaka zaharra! Tira, zerbitzuak pribatizatzen daude bazterrik bazter, eraginkorragoak direlakoan; jaiak ere bide beretik doaz hainbat plazatan, barre-algara pribatuak alaiagoak direlakoan. Gauzak horrela, eta pandemiaren buruzko logikatik, ulertzen ez dudana zera da, zergatik ez duten Lakuako Gobernua bera pribatizatzen, lehendakariaren postua gerente komertzial bihurtzen eta gatazka politikoaren konponbidea enpresa pribatuen arteko lehiaketa publikora ateratzen.

Jaiena aipatuta, beltza etorri zait burura, izena gogoratzen ez dudan herri bateko alarde pribatuaren aldeko batzuek euren miseria publikoak ezkutuan izateko laster berriro erabiltzeko ei duten plastikoaren kolorea. Plastiko guztiak birziklatzekoak ez diren seinale. Kyotoren kalterako. Beltza ere Peloponesoko oraingo lur erraustuena. Su pribatua, gar publikoak, itxura batean. Pandemiaren administrazio-kontseiluko kide den Etxe Zuriko oraingo buruak orain urte gutxi hitza eman zuen baso sute gehiago ez zirela izango Kaliforniako urbanizazioen inguruan, eta hango baso guztiak soiltzea agindu zuen. Suak askoren sukarra agerian uzten duen seinale. Atilarik handienak mende honetakoak diren seinale. Urbanizazioak soiltzea litzateke irtenbidea basoak eta basokoak bizi bitez, txertorik aproposena pandemiari aurre egiteko. Baina poeta andaluzak zioen modura, gaixo egotea baino askoz larriagoa da mediku txarra izatea. Beltza ere New Orleansen su gabeko urak hondatu eta bere horretan dirauten auzoen kolorea, uren jazarraldien ostean jazzaldiak nahikoak ez diren seinale. Beltza ere epaileen sotana. Eta batzuen materia grisa. Eta itsasontzi piraten bandera. Beltz publikoak berak erabakitzeko aukera balu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo