Andoni Pombo Urola Kostako ikasle talde baten izenean
Lurraldebus eta txartel bakarraren iruzurra
Datorren ikasturtean gure ikasketak egiteko egunero Donostiara joan behar dugun Urola Kosta bailarako ikasle talde bat gara. Idatzi honen bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri digun txartel bakarraren iruzurra salatu nahi dugu.
Ustez, sistema honek bidaia asko egiten dituzten erabiltzaileak saritzen ditu, hala nola ikasleak. Uste dugu neurri horrekin garraio publikoa sustatzea duzuela helburu, eta hori guztiz zilegizkoa, logikoa eta batik bat ekologikoa iruditzen zaigu.
Baina sistema hori martxan jarri aurretik, egin al dituzue eragiketa matematiko sinple batzuk? Gertuen egiten zaigun adibide bat jarriko dizuegu.
Urri osoan, astelehenetik ostiralera Donostiara doan Zestoako ikasle batek 100 euro inguru (97,63) ordaindu beharko du autobus zerbitzuaren truke. Iaz ikasle bonoak 71 euro balio zuen, hau da %35 baino gehiagoko igoera suposatuko dio. Benetan uste al duzue sistema horrek garraio publikoa sustatu eta ohiko erabiltzaileak saritzen dituela sinetsiko dugula?
Zuekin telefonoz hitz egin dugu eta txartel bakarraren sistema horretan ez duzuela aldaketarik egingo esan diguzue. Horregatik bi irtenbide baino ez zaizkigu geratzen: bata, eskutitz honen bidez gure haserrea adieraztea eta bestea mobilizatzea, askoz ere praktikoagoa. Horregatik ahalik eta jende gehiena biltzea nahi dugu, gure neurrirako autobus zerbitzua kontratatu ahal izateko, segur aski gure poltsikora gehiago egokitzen diren prezioak lortuko baititugu.
Horregatik lerro hauen bidez gure egoera berean dauden Urola Kostako ikasle guztiei dei egin nahi diegu, gure asmoekin bat egin dezaten. Horretarako, kontaktu telefono bat emango dugu: 687363701 (Andonirengatik galdetu).
Ahalegin honen bidez gure neurriko eta batik bat gure poltsikoetara egokituagoa egongo den garraio zerbitzua lortzea espero dugu, Lurraldebusek eskaini ezin digun zerbait.