GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ibarretxek azaldutako asmoen aurka egin dute PPk zein PSOEk

Gasteizko Legebiltzarrean erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida irekitzeko asmoa eta, horren emaitza gisa, herri galdeketa bat egiteko asmoa azaldu ditu Juan Jose Ibarretxek ikasturte politikoaren hasieran, eta kezka handiz hartu dute hori PSEk zein PPk. PSEko bozeramaile Rodolfo Aresek «demokrata guztien artean ETArekin bukatzea» izan behar dela lehentasuna esan zuen, Josu Jon Imazek Zarautzen azaldutako apustuarekin bat eginez.

p019_f02_097x160.jpg

GARA |

PSEk eta PPk ikasturte politiko autonomikoaren hasieran Ibarretxek iragarritako ekimenaren kontra jo zuten atzo eta, datak zein edukiak ezagutzen ez diren arren, herri galdeketa egitearen aurka agertu ziren. PSEren bozeramaile Rodolfo Aresek lehendakariak ez duela bere «hitza bete» adierazi zuen, bere garaian galdeketa egitekotan ETAren indarkeriarik gabe egiteko konpromisoa adierazi zuela gogora ekarrita.

«Begi-bistakoa da Ibarretxek ezin duela alboratu ETAk bere jarduera terroristari eusten diola. Demokrata guztien lehentasuna izan behar da ETAren aurka borrokatzea behin betiko terrorismoarekin bukatzeko», esan zuen Aresek. Honela, EAJko presidente den Josu Jon Imazek Zarautzen ostiralean izandako ekitaldi politikoan erabiliko hitzak bere egin zituen Aresek.

PSEren buruzagiak esan duenez, galdeketa bat egiteko borondate horrek «ez du onartzen euskaldunok daukagun antolamendu juridikoa», eta gainera ez du betetzen EAEko Gobernua osatzen duen hirukoaren oinarrietako bat, horiek «argi uzten baitzuten galdeketa indarkeria terrorista bukatzean egingo litzatekeela».

Aresek «populista eta antidemokratikotzat» jo zituen Ibarretxeren asmoak eta lehendakaria Gobernu zatitua batzen saiatzen ari dela esan zuen ez baitu «euskal gizarteari ezer eskaintzeko».

PSEko kidearen iritziz, «abertzaleek normalkuntza deitzen dutena ez da lortuko Ibarretxek proposatzen duen Espainiarekiko akordio atseginarekin, aldez aurretik euskaldunen artean akordio bat lortzea beharrezkoa baita, herri anitza delako». Gaineratu zuenez, lehendakariak «gero eta sinesgarritasun gutxiago dauka euskal gizartearen aurrean» eta «arduragabekeria instituzionala erakutsi du, aurkeztutako ekimenak ez baitira legediaren barnean sartzen eta, horren ondorioz, ezin dira praktikara eraman».

PPko bozeramaile Leopoldo Barreda ere ekimenaren aurka agertu zen eta euskal gizartea «Espainiako Konstituziotik kanpo» mantendu nahi duela esan zuen. Barredak EAJren barnean gertatzen ari den «botere le- hian» kokatu zuen egitasmoa eta, adierazi zuenaren arabera, beren alderdiaren kezka nagusia ez da «erreferendumaz hitz egiten ikustea, baizik eta EAJk ez duela barne prozesua indepentziaren bidean muturrekoenekin eta ETA-Batasunarekin akordioak desegiteko erabiltzen».

Beste alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorreko bozeramaile Enrique Lopezek galdeketak egiteko lege berezi bat dagoela ekarri zuen gogora.

ESKUMENA

Magistraturaren Elkarte Profesionaleko bozeramaile Antonio Garciak adierazi zuenez, erkidego autonomiko bateko presidenteak ezin du erreferendumik antolatu, ez baitu eskumenik horrelakorik egiteko.

Antidemokratikoa

PSEren bozeramailearen iritziz, «populista eta antidemokratikoa» da Ibarretxek herri galdeketa egiteko duen asmoa, «lehendakariari eta euskal abertzaleen zati bati baino ez baitzaio axola» erabakitze eskubidea.

Galdeketa egiteko eskumena eskatuko du EBk

EBren presidentziako bozeramaile Mikel Aranak PSOEren Gobernuari Ibarretxek iragarritako galdeketa egin dezan eskumena eman diezaiola eskatuko diola adierazi zuen atzo, baina lehendakariak ostiralean egin zuen bezala, ez zuen datarik ezta edukiari buruzko zehaztapenik ere eman. Aranaren esanetan, erreferenduma legez kanpo baldin bada, Espainiako Gobernuak «honela nahi duelako da, Konstituzioaren barnean onartuta dago-eta».

«Maria Teresa Fernandez de la Vegak Euskadin galdeketa bat egitea legez kanpo dagoela esan zuenean atzo, euskal gizarteari ezkutatzen ari zitzaion hainbeste defendatzen duten Espainiako Konstituzioaren barnean onartuta dagoela erkidego autonomikoek, Euskadik barne, galdeketak egin ditzaketela aginpideen eskualdaketa eginez gero», adierazi zuen EBko ordezkariak. Horregatik, PPren ondoan kokatu ordez, Espainiako Gobernuak «erreferendum bat egiteko eskumena Euskadiren eskuetan utz dezakeela» onartzeko eskatu zion PSOEri.

Gasteizko Gobernua osatzen duen hirukoaren egoera ere izan zuen hizpide Aranak eta, beren ustez, Ibarretxeren adierazpenek «agerian uzten dute osasuntsu dagoela eta etorkizuna daukala».

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo