OFIZIALTASUNA
Euskal selekzioen ofizialtasuna jai giroan aldarrikatu zuten Zestoan
GARA | ZESTOA
Bai Euskal Herriari ekimenak eta ESAITek antolatuta, ehunka lagun bildu zen atzo Zestoan euskal selekzioen aldeko egunean. Hainbat ekitaldi izan ziren atzo herri hartan. Horiek hala, goizean Zestoako futbol taldeak, preferente mailakoak, eta Azpeitiko Lagun Onak taldeak jokatutako futbol partida izan zen. Bi taldeetako jokalariak euskal talde nazionalen aldeko elastikoekin atera ziren zelaira. Horrekin batera, «Nazio bat gara, ofizialtasuna» zioen pankarta ere atera zuten.
Futbolaren ondoren, 13.30ean, triki-bertso poteoaz gozatzeko aukera izan zuten Zestoaraino bertaratu ziren guztiek.
Eguneko ekitaldirik aipagarrienetakoa herri bazkaria izan zen. Bertan, antolatzaileek emandako datuen arabera, 160 lagun baino gehiago bildu ziren giro ezin hobean.
Sabela bapo bete eta gero, umeen txanda iritsi zen. Txikienek, Zipriztin aisialdi taldearen eskutik eurentzako tailerrez gozatzeko aukera izan zuten.
Eguneko bigarren kirol ekitaldia 18.00etan hasi zen. Orduan izan zen Ondarbasorako herri igoera, txirringaz. Parte-hartzaile gehienak euskal selekzioaren aldeko ikurrez jantzita eta lagunduta egin zuten ibilbide osoa.
Herri frogaren ondoren, froga kronometratua egin zuten. Zestoako txirrindulari taldeak antolatzen du froga hori eta aurten hogeita bigarren aldiz egin zuten lasterketa.
Sari banaketari ekin ondoren, elkarretaratzearen ordua izan zen. Bertan, dozenaka lagun bildu zen «Nazio bat gara, euskal selekzioak ofizialtasuna» lelopean. Bertan, Bai Euskal Herriari ekimeneko kide Mikel Luluagak egoeraren irakurketa politikoa plazaratu zuen. Euskal Herriaren aldeko erakundearen aburuz, «gaur egun euskal herritarron nazioa ez da errespetatua, ez da aitortua».
Luluagaren esanetan, «gure nortasuna ukatua da, gure hizkuntza zapaldua eta, gainera, nazio gisa ere zatikatuak gauzka hemen finkaturiko atzerriko administrazioak».
Gainera, Bai Euskal Herriarik gogoratu zuenez, «erasoak etenik gabeak dira. Adibidez, aste honetan, Tribunal de Justicia del Pais Vasco izenekoak beste errekurtso bat onartu du hainbat kiroletan Euskal Herriko kirol federazioak sor ez daitezen. Duela aste batzuk, berriz, Munduko Pilota Batzarrak eta Euskadiko Pilota Federazioak, Euskal Herriko Pilota Konfederazioa Munduko pilota txapelketatik kanpo utzi zuten».
Luluagaren ustez, «Euskal Herrian milaka kirolari ditugu, baina maiz, horiek guztiek Espainiaren edo Frantziaren izenean aritzera behartu nahi izaten dituzte. Horren aurrean, Euskal Herrian indarrean dauden instituzioek beste aldera begiratzen dute eta ez dituzte babesten».
Hortaz, ESAITek eta Bai Euskal Herriarik gizarteari ondorengo mezua helarazi zioten: «Euskal Herria ordezkatu nahi duten kirolariak babestera eta nazioartean ere gure herria ordezkatzera dei egiten dizuegu kirolarioi».
Azkenik, Zestoan bildu zirenek Kataluniako Desmascaradas taldeak emandako kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten.