Zilbor estea eten eta ttipi-ttapa ttipi-ttapa gizarteratzeko aukerak
Lanera itzultzeko egunak dira hauek jende anitzentzat, baita ume txikiak dituzten gurasoentzat ere. Haurtzaindegia aukera ona izan daiteke seme-alabek taldean egoten, desberdintasunak onartzen eta errespetuz jokatzen ikas dezaten. Horren adibide dira Irungo, Donostiako eta Biarritzeko zentro hauek.
Maider IANTZI
Irungo Puiana auzoko Tris Trasen Josune, Agurtzane eta Lorena hezitzaileak aritzen dira lanean, baita psikomotrizitatea lantzen duen eta gurasoei aholkuak ematen dizkien Bea psikologoa ere. Ordukako haurtzaindegia da eurena, eta, bisitaren unean, nabari zen umeen joan-etorria. Urkok, Maiderrek eta gela handian jostetan ari ziren gainerako txikiek jakinminez begiratzen ziguten. Sumatzen zuten zerbait desberdina gertatzen ari zela.
«Jokini sudurra falta zaio! Non jarriko diogu?», galdetzen zieten hezitzaileek. Jokin eurek sortutako pertsonaia bat da, aurpegi zapalekoa eta axolagabe samarra, edonoiz galtzen baititu belarriak, sudurra eta begiak. Umeek ibili behar izaten dute bere gibeletik, ongi ikusi, usaindu eta aditu dezan belkroarekin organoak itsasten.
Bulegora sartu ginen Agurtzanerekin eta egutegi bat ikusi genuen horman: «Astelehenean fitxak; asteartean musika eta dantza; asteazkenean gimnasia; ostegunean pintura eta ostiralean bideoa». Egun bakoitzean ekintza bat egitea zaila dela aitortu zigun. «Haur eskolan adin bakoitzeko gela bat dago eta errazagoa izaten da helburuak betetzea, espresuki adin batekin lan egiten delako. Hemen nahastuta daude eta batzuentzat gehiegi dena besteentzat gutxiegi da. Hala ere, nahiz eta unitate didaktiko bat sartzea zaila izan, ahalegintzen gara gauzak erakusten; koloreak direla, eguraldia dela... Borroka egiten dutenean, saiatzen gara uler dezaten badirela egin ezin dituzten gauzak. Bazkaltzean, garbitzean, edozein unetan hezten saiatzen gara. Horiek dira gure helburuak, zaintzea eta pixka bat heztea», azaldu zigun Hondarribiako neskak.
Haurrak argazkilariaren txantxekin irrika ari ziren eta Agurtzanek azalpenak ematen segitzen zuen. Jolasteko, jateko eta siesta egiteko gutxi gorabeherako ordutegi bat betetzen dutela erran zuen; adibidez, hamarrak aldera galletak jaten dituzte eta, pixka batean eserita egon ondoren, ura edaten dute. Hezitzailearen arabera, horrela monotonia lortzen da eta txikiak seguruago sentitzen dira. Gela handian egoten dira denak normalean. Terraza txiki bat ere badute -udara honetan hagitz guti erabili dutena- , sukaldea, txikientzako komuna, aldatzeko tokia, sehaskak eta oheak, eta psikomotrizitatea lantzeko txokoa. Hor egoten dira urte bat baino gutxiagoko haurrak jende anitz dagoenean.
Egoerak gainditzen dituzte
Udan lasaiago dabiltza, baina gainerakoan 35 haur inguru izaten dituzte, Irungoak bertakoak, hondarribiarrak eta hendaiarrak, baita Donostiatik, Lezotik edo Oiartzundik etorritako baten batzuk ere. Nahi adina denbora ematen dute lokalean, bi ordutik zortzi-bederatzi arte, lana dela-eta guraso batzuek ezin baitute bertze modu batean moldatu. «Haurra hezitzaileekin uzteak alde onak eta txarrak dauzka. Jakina, kasu bakoitza ikusi behar da. Guraso batzuek bi ordutarako ekartzen dute umea, sozializatzeko, beste haurrekin egoteko eta ikasteko; eta ona da hori. Zaila egiten bazaie ere, asko ikasten dute eta lehenago edo geroago aurre egin beharreko egoerak gainditzen dituzte. Ikastolan hastean, badakite jateko eseri behar dela, siestarako ordua dagoela... Agian, etxean egon den haur batek ez daki taldean egoten», azaldu zuen Agurtzanek. Alde txarrei dagokienez, erran zuen batzuk gutxi egoten direla gurasoekin.
denbora hartu
Semea edo alaba haurtzaindegira eramatea pentsatu baldin baduzu, baten batzuk bisitatzea eta erabaki baino lehen behar bertze denbora hartzea komeni zaizu.
pixkanaka
Joan zaitez umearekin hura bertan gelditu baino lehen, tokira eta pertsonengana ohitzeko. Hasieran ez ezazu denbora askoan utzi. Ordu bat edo birekin aski da.
etxetik hurbil
Etxetik gertu egotea kontuan hartzeko elementua da. Ibili beharreko bidea laburragoa izanen da eta bizi den ingurunearekin harremanetan jarraituko du.
adin aproposak
Zortzi hilabete baino gutiagoko umeak hobeki moldatzen dira, baita hemezortzi hilabete baino gehiagokoak ere, ingurune berriari aurre egiteko kontrola baitute.
arduradunak
Zero eta hiru urte arteko umeen zaintzaileek gutienez haurtzaindegiko titulua izan behar dute. Pazientzia, goxotasuna, irmotasuna eta sentiberatasuna ere bai.
haurren solasak
Oroitu haur txikien etapan laztanak eta maitasuna hagitz garrantzitsuak direla. Jarri arreta bertze umeen solastatzeko moduari eta hezitzaileen samurtasunari.
Donostiako Tilin Talanek atentzioa ematen du, dena kristala, argia eta kolorea baita. Haurrek bista zabala dute kanpoan, eta Tolosa Etorbidean paseatzen ari direnek ere ikus ditzakete txikiak puzzleak egiten, margotzen, gometxak paratzen edo txirristatik jausten. Langileek azaldu digutenez, jantokia eta logela izan ezik bertze guztia agerian egotea haurtzaindegiaren abantailarik handienetakoa da. Webcama ere badu, eta guraso bakoitzak bere hitz gakoa du umea nahi duenean ikusteko.
Lau hilabete eta hiru urte arteko umeak hartzen dituzte, eta hiru taldetan banatu: txikienak, tartekoak eta handienak. Altxatzen eta ibiltzen hasten direnean bigarren gelara pasatzen dituzte. Gaur egun ikastetxe gehienek bi urtekoentzako gelak dituztenez, adin horretakoen taldea txikiagoa da Tilin Talanen. Handien gunean, 8-9 umeko hezitzaile bat dago eta txikienean, 6-7 umeko bat. Denetara 50 haur inguru dituzte egunotan, baina ikasturtean gehiago izaten dituzte. Jantokian, bakarrik jaten ikasten dute. Txikienek hamaketan edo aulki altuetan jaten dute ongi eserita egoten ikasi arte, eta handiek mahai bat dute aulki txikiekin.
Zortzi hezitzaile eta bi arduradun dira. Finkatuta dituzten helburuak, berriz, hamaika. Txikienentzat, jokoetan elkarlanean aritzea; zangoetako muskuluak indartzea; elikagaiak goilararekin jatea; objektuak esku artean edukitzea eta batetik bertzera pasatzea; lau hanketan ibiltzea; euskarririk gabe esertzea; zezelka egitea; lehenbiziko urratsak ematea lortzea eta kuboekin dorreak eraikitzea. Hamabost hilabete betetzen dituztenean, nortasuna eta autonomia lantzen hasten dira; jokoa eta norbere irudia; mugimendua, ekintza eta ohiko bizitza; jakinmina eta irudimena; taldeko integrazioa eta parte-hartzea; ahozko hizkuntza eta elkarrizketa; arreta jartzeko gaitasuna; adierazpen plastikoa; eta harremanak, neurria eta adierazpena espazioan. Idatzizko hizkuntzara hurbiltzen dira txikiak, marrazkien bitartez letrekin baino gehiago.
Ludoteka ere bai
Gabonetan, Aste Santuan eta udan ludotekako zerbitzua ere ematen dute. Hiru urte baino gehiagoko haurrak hartzen dituzte, 4-6 urtekoak, eta adinaren araberako taldeak osatzen dituzte kalean paseatu eta egoitzatik kanpo ekintzak egiteko. Eskulanak egiten dituzte batez ere, baita elkarlana bultzatzen duten jolasak ere. Orain, udan, hondartzara joaten dira, paseatzera, edo jolastokiren batera.
Jende askok goizean ekartzen du semea edo alaba, eta aiton-amonak pasatzen dira bila eguerdian. Horrela, senitartekoekin uzten dute haurra, baina lan puska bat kentzen diete eta bertze umeekin erlazioa izatera bultzatzen dute txikia. Tilin Talaneko hezitzaileek azaldu digutenez, ona da hori umearentzat, eta ikastetxean hasteko orduan nabaritu egiten da. Askeagoa da, harreman gehiago ditu, ordutegiak, arauak eta bertze hainbat gauza ikasiak ditu dagoeneko...
Zer bilatzen dute aita-amek?
Gurasoek haurtzaindegia lanetik edo etxetik hurbil egotea bilatzen dute, eta ematen dituzten zerbitzuak kontuan izaten dituzte: janaria eurek ekarri behar duten edo bertan prestatzeko aukera dagoen, adibidez. Donostiako haurtzaindegi honetan, haurrak nahi dutenean sartu eta atera daitezke, eta hori ere abantaila bat da. Baldintza bakarra jartzen diete: egoitzan jan behar badute, hamar eta erdiak baino lehen bertan egon behar dute.
Adituek diotenez, lehenbiziko hilabeteetan umea zaintzeko moduak eragin handia du geroko sozializazioan eta garapenean. «Gurasoak seme-alabak besoetan asko edukitzekoak badira, edo mugimenduan lokartzera ohitzen badituzte, nabaritu egiten da ondoren. Baina hain txikiak izanik saihestezina ere bada. Anaia edo arreba zeinek duen eta zeinek ez ere sumatzen da, jostailuak partekatzean eta erlazioan ere bai», adierazi dute Tilin Talaneko langileek. Saihestezina iruditzen zaie gurasoek lan egitea, baina txikiekin egoteko denbora ere hartu behar dutela ohartarazi dute, «eurei dagokielako gehienbat garapena eta heziketa».
Irungo Tris Trasen bezala, Donostiako haurtzaindegi honetan ere euskaraz eta gaztelaniaz aritzen dira.
Ipar Euskal Herriko lehenbiziko haurtzaindegi euskalduna Biarritzen ireki zuten 1997an. Ohakoa izena du, Impasse Labordotte kalean dago eta udalekuarekin batean egiten zuen lan 2001ean bere bideari ekin zion arte. Orduan ailegatu zen haur heziketa ikasi duen Ingrid de Graeve belgikarra. 25 urterekin etorri zen gure herrialdera, bergarar batekin ezkondu zen eta Hegoaldean bizitu zen hasierako denboran. Gero, Biarritzera joan eta nahiko azkar aurkitu zuen lana Ohakoa elkartean.
Euskara eta euskal kultura babesteko asmoz zabaldu zuten haurtzaindegia. Sortzaileak eta gurasoak hizkuntzak kultur identitatea osatzean duen garrantziaren jakitun ziren, eta umeak ttipitatik euskaraz hezi eta euskal kultura helarazi nahi zieten. 1990ean Lapurdiko kostaldeko udal batzuetara jo zuten proiektua aurkeztera eta azpiegiturak galdegitera, eta Biarritzekoak onartu zuen eskaera. Orduan, lokalak proposatu zituzten, bat aukeratu, esperientzia eta ikasketak dituen lan talde bat osatu, baita egitasmo pedagogikoa ere.
Ibilbidearen hasieran ez zuten zelai loraturik aurkitu eta harrizko maldan goiti abiatu behar izan zuten. Kontseilu Orokorreko bostgarren komisioak ez zion baimenik eman nahi haurtzaindegi euskaldunari; sortzaileek, ordea, gogor eutsi zioten ametsari eta borrokaren ordaina jaso zuten azkenean: Herriko Etxearen, CAF-en eta DSD-ren laguntzaz, zabaltzeko baimena eskuratu zuten.
Egunero hogei txiki
Hamar bat umerekin hasi ziren lanean. Etxe pribatu batean egoten ziren, baina jabeak berreskuratu egin nahi izan zuen eraikina eta Udalak lokal berriak utzi zizkion Ohakoa haurtzaindegiari alokairuan. Gaur egun, hogei txiki hartzen dituzte egunero Impasse Labordotteko egoitzan, gehienak Biarritzekoak bertakoak, %80 herrikoak izatea eskatzen baitie Udalak. Ingrid de Graevek argitu digunez, guraso batzuek hurbiltasunagatik eta ttipia delako aukeratzen dute Ohakoa (bertze haurtzaindegiak handiagoak dira, 50 ume ingurukoak). Inguruko herrietakoak, ordea, proiektua euskalduna delako etortzen dira.
Eskaera handia dela jakinarazi digu hezitzaileak. Horren adierazgarri da 30 familia tokiaren zain egotea. Hala eta guztiz ere, ez dute elkartea handitzerik nahi, «orduan giroa ere aldatuko litzatekeelako». «Gustura gaude horrela; familia bat bezala gara eta hagitz giro polita dugu», adierazi du De Graevek. Zazpi langile dira guztira: batek lokalak garbitzen ditu eta bertze seiak umeekin egoten dira. Titulu ezberdinak dituzte, Kontseilu Orokorrak eskatu bezala. «Instituzioek eskaera pila bat egiten dizkigute: paper ugari bete behar dugu, kontrol anitz pasatu... Proiektu pedagokikoa salbu, bertze guztia inposatzen digute: nola kobratu, adibidez, eurek erraten digute. Frantsesez idatzi behar izaten dizkiegu dokumentuak eta akordio bat daukagu Bai Euskarari taldearekin. Itzulpenak egiten laguntzen digu», argitu digu.
Etxean, anitz frantsesez
De Graeve kenduta, bertze langile guztiak Ipar Euskal Herrikoak bertakoak dira. Euskaraz mintzatzen dira denak, guraso batzuekin izan ezik, Ohakoara umeak eramaten dituzten aita-ama anitz frantsesez aritzen baita etxean. Hala ere, haurrak euskaraz ikas dezan nahi dute.
Bi hilabete eta erdi eta lau urte arteko umeentzat dago zabalik Biarritzeko haurtzaindegi hau, baina orain arte ez dute behin ere lau urtekorik izan, bi urte eta erdirekin edo hirurekin hasten baitira normalean ikastetxean. Elkarrekin egoten dira ume guztiak, «txikiek handiengandik ikas dezaten eta handiek txikiak errespeta ditzaten». Haurrak sozializatzea dute helburu, baita ekintzak taldean egiten ikastea, desberdintasunak onartzea eta errespetuz jokatzea ere. Hala, ezintasunen bat duten umeek ere zabalik dituzte ateak, «horiek ere bertzeen aukera berak izateko eta gainerako umeek denak ezberdinak garela ulertzeko».
«Urtetik urtera kontua aldatu egiten da, baina hemen egondako haur gehienak ikastolara edo ikastetxe elebidunetara joaten dira. Aurten, guraso pila batek matrikulatu dituzte seme-alabak euskaraz, bertze zenbaitek euskaraz eta frantsesez, eta hagitz gutik frantses hutsean. Azken horiek dira Ohakoa hurbiltasunagatik aukeratzen dutenak, eta ez hizkuntzarengatik», agertu digu De Graevek.
Biarritzen ez ezik, Ziburun ere bada txikiak euskaraz zaintzen eta hezten dituen haurtzaindegi bat, eta Baionan ere baimena lortua da bertze bat egiteko. Ohakoako hezitzaileak jakinarazi digunez, Hiriburun eta Jatsun badira zentroak «publizitatea egiteko elebidunak direla erraten dutenak. Baina teorian bakarrik dira elebidunak; praktikan frantsesez aritzen dira. Are gehiago, Hiriburuko haurtzaindegiko zuzendaria ez da ados euskal kulturarekin eta ez du euskaraz mintzatzen uzten».
Urteurreneko ospakizuna
Urrian izanen dira hamar urte Ohakoa ireki zutela eta gogotik ospatzeko asmoa dute sortzaile, langile eta gurasoek. Denak gonbidatzen dituzte urriaren 28an, igandean, izanen den besta handira. Arratsaldeko bostetan da hitzordua, Biarritzeko Udaleko kasinoan, eta Pirritx eta Porrotx ere bertan izanen dira giroa alaitzen. Ahal bada, proiektuak aitzinera jarrai dezan sos batzuk irabazteko baliatuko dute aukera.
Gurasoak kontent direla erran digu De Graevek, baita giro onaren berri izan duelako jende anitz etortzen dela ere. Ongi daudela adierazi arren, arazo bat aipatu du: «Gurasoak boluntario aritzen dira, lehendakari, idazkari edo bertze edozein lanetan, baina seme-alabak ikastetxean hasi arte soilik. Gainera, lan egin behar dutelako ekartzen dituzte umeak eta tarte txikia dute laguntzeko».