GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguraldia ona lagun, giro paregabean ospatu zuen Donostiak Sagardo Eguna

50 sagardogile eta 10.000 litro sagardo. Donostiako Konstituzio plaza sagardozaleentzako paradisu bilakatu zen atzo. Jende ugari bildu zen eta, musika eta bertsoak lagun, giro paregabea nagusitu zen heldu den igandera arte luzatuko diren Euskal Jaietako lehen egunean.

p023_f02_111x111.jpg

Donostiako Euskal Jaiak abiatu dira eta nola abiatu, gainera. Atzo Donostiako Parte Zaharra sagardoz blai egon zen goiz partean, hiriburuak hogeita bigarren aldiz Sagardo Eguna ospatu baitzuen.

Eguerdi parterako, eguraldiak ere horretarako gonbita egin baitzuen, jende ugari batu zen Konstituzio plazan. Ez zen gutxiagorako, orotara, 50 bat sagardogile batu baitziren beren sagardoak eskaintzeko. Hala ere, ilarak egin ziren mahaien aurreetan.

Hamaiketan abiatu zen sagardo dastaketa eta orotara 10.000 litro sagardo eskaini zituzten. Baten bat saiatu zen, edalontzia eskuan, mahai guztietatik igarota ahalik eta sagardo gehien dastatzen, baina atzokoan lan zaila zen hori.

Ezin soilik edan eta Sagardo Egunera bertaratu zirenek aukeran izan zuten mokadutxo bat hartzea ere. Txorizoa, bakailao tortilla... Aukera falta zegoenik ezin esan.

Halako jaietan musikak ere izaten du lekua, eta Estanga anai-arrebak izan ziren trikitiaz eta panderoaz giroa alaitzen aritu zirenak. Gainerakoan, bertsozaleentzat ere izan zen gozagarririk, Sebastian Lizasok eta Sustrai Kolinak jardun baitzuten bertsoa ahotan hartuta.

Gaur ere izango da jaia

Euskal Jaiak hasi baino ez dira egin, oraindik izango baita zer gozatu datorren igandera bitartean. Gaur, goizean goiz, sokamuturra izango da Konstituzio plazan 9.30etik aurrera. Hala ere, zita nagusia Kontxako badian izango da, bertan jokatuko baitute Kontxako Banderaren lehen jardunaldia. Beraz, atzo indarrak gorde zituztenek gaur ere izango dute aukera horiek xahutzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo