Itoitzekiko Solidarioen martxa gaur amaituko da, Julio Villanueva kideari espetxera bisita eginda
Itoitzekiko Solidarioek antolatutako eta ostegunean Agoiztik abiatu zen bizikleta martxa gaur amaituko da Aragoiko Ruesta herrian. Atzokoan, orotara, 80 bat bizikletazalek parte hartu zuten ibilaldian.
Aurreko egunean utzi zuten lekuan, hau da, Zangozan hartu zuten berriz ere bidea eta bertatik Esako urtegira joan ziren. Bizilagunek erakutsi zizkieten jada estali dituzten pitzadurak eta Itoizko urtegian bezalaxe ezkerraldeko malda ere oro egoera txarrean dagoela azaldu zieten, antolatzaileek ilunabarren adierazi zutenez.
Bi proiektuek, halaber, isiltasunak batzen ditu, «bizilagunei informazio ezkutatu baitzaie». Hain zuzen ere, antolatzaileek bizikleta martxa aurkeztu zutenean bi proiektuen arteko parekotasunak nabarmendu zituzten eta biak ala biak ingu- ruko bizilagunentzat arrisku itzela suposatzen duten proiektuak izaki, bien arteko distantzia bizikletaz egitea erabaki zuten.
Artiedan amaitu zuten atzoko ibilaldia eta antolatzaileetako batek adierazi zuenez, harrera beroa egin zieten herri horretan. Ilunabarrean bideo emanaldia izan zuten. Herritarrek Esako urtegiaren zabaltzearen aurka egindako protestaldien berri eman ziten irudien bidez. Ondoren, herri kirolak egin zituzten, Euskal Herrian jatorria duten eta Aragoikoak diren kirolak nahasita.
Zita garrantzitsua arratsaldean
Gaur amaituko da Aragoiko Ruesta herrian ostegunaz geroztik abian den bizikleta martxa. Bertan, «ekintza zuzeneko» tailer bat egingo dute. Eguerdi partean autobusez itzuliko dira parte-hartzaileak Iruñera, bertan zita garrantzitsua baitute.
Ibilaldi guztian zehar gogoan izan dute Itoitzekiko Solidarioek Julio Villanueva kidea, egun Iruñako espetxean dena. Horiek hala, elkarretaratze bat deitu dute espetxe parean iluntzeko 19.00etan lagunari beren elkartasuna adierazi eta aska dezatela eskatzeko.