GARA > Idatzia > Arrauna

Kontxako Bandera

Kartak mahai gainean daude Donostiako badian

Gaur eta hurrengo igandean denboraldiko probarik garrantzitsuena eta preziatuena izango da Donostian. Hondarribia, Urdaibai, Orio, Zarautz, Castro, Pedreña, Tiran eta Donostia Arraun izango dira protagonistak.

p051_f01_199x120.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Arraun munduan dena prest dago denboraldiko probarik garrantzitsuenari hasiera emateko. Gaur eta hurrengo igandean jokatuko dute Kontxako Bandera preziatua Donostiako uretan eta arraunlariek gogor aritu beharko dute bertan irabazi nahi badute.

Iragan ostegunean ez zen ezustekorik gertatu sailkapenean eta hautagai nagusiek beren maila eman zuten olatuz eta haizez beteriko itsasoan, asteburuan Kontxan aritu ahal izateko. Horrela, Hondarribia, Urdaibai, Zarautz, Orio, Castro, Pedreña eta Tiran Donostia Arraunekin batera arituko dira gaur eta hurrengo igandean.

Honakoak izango dira gaurko bi txandetan parte hartuko duten ontziak:

Beraz, zortzi ontzi horiek garaipenaren bila irtengo dira gaur eta hurrengo igandean. Oso parekatuta aurreikusten da aurtengo proba, hain zuzen ere ontzi guztiak oso forma onean iritsi direla ikus baitaiteke.

Ontziak, banan banan

Donostia Arraun: donostiarren arteko kanporaketan Ur Kirolaken aurretik sartu zen. Araudiaren aldaketak ez zion mesederik egin Ur Kirolaki.

Hondarribia: ostegunean ikusitakoaren arabera, Ama Guadalupekoa oso sendo iritsi da proba honetara. Iazko porrota -Kontxatik kanpo geratu ziren- alde batera utzita, 2005ean lortutako garaipena errepikatu nahiko dute gipuzkoarrek.

Urdaibai: Bermeoko ontzia denboraldi bikaina egiten ari da San Miguel Ligan, liderra izanik eta lau proba falta direlarik, edozer gauza gerta liteke bi igande hauetan. Baliteke arreta TKE Ligan ipinita edukitzea, baina euren forma ona ikusita, ziur ez dutela amore emango Kontxako Bandera eramateko lehian.

Orio: gertu gertutik jarraitzen dio Urdaibairi San Miguel Ligan eta ezin da inoiz talde hau begibistatik kendu.

Zarautz: iaz Enbata ontziak bigarren postua lortu zuen sailkapenean eta, beraz, zarauztarrak bigarren urtez jarraian izango dira Kontxan.

Castro: La Marinera ontzia denboraldi bikaina egiten ari da eta lider gisa amaitu du KAE-2 liga. Iazko garailea da eta, beraz, tituluari eutsi nahiko dio, kosta ahala kosta.

Pedreña: Kantabriako beste ontzia seigarren izan zen ostegunean, San Miguel Ligako sailkapen nagusian duen postu berbera, alegia. Bi kantabriarren arteko lehia oso bizia espero da.

Tiran: ezustekoa eman zuen ostegunean zazpigarren postua lortuta. Galiziarrak San Pedroren aurretik geratu ziren eta beste ezustekoren bat ematen saiatuko dira gaurtik aurrera.

JENDETZA

Iraileko bi igande hauetan 100.000 pertsonatik gertu biltzen da Kontxako inguruetan. Guztiak estropadak ikusteko leku egokia aurkitzen saiatuko dira. Gehienak, gainera, beren traineruaren koloreaz jantzita joan ohi dira.

Sarreren prezioak, ordutegia eta sartzeko tokiak

Sarrera-tokiak 9.30ean irekiko dira eta prezio arrunta 3,20 eurokoa izango da. Jubilatuen sarrera 1,65 euro balioko du. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek 1,56 euroan izango dute sarrera eta 8 urtetik beherakoek doakoa. Tribunek, ordea, 6 euroko prezioa izango dute. Sarrera hartzeko tokiak, berriz, honakoak izango dira: Argazkilarien Elkartea Paseo Berrian, Santa Teresa, Fermin Calbeton, Nautikoa, Peñaflorida eta Kontxa pasealekuko lehenengo malda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo