Musika maitatzen irakatsi digutenei
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea
Zaharregia rockerako, gazteegia hiltzeko» izendatu zuen Jethro Tull taldeak 1976. urtean argitaratutako disko ezaguna. Gaztetasunaren seinale, inondik ere, urteak bete ahala halako esaera potoloak esateko gogoa galtzen delako. Eta noizbehinka, zenbait zorioneko adibidek kontrakoa erakusten digutelako. Joan den larunbatean Gasteizen, izar handirik ez baina talde interesgarriak bildu zituen ekitaldiaren barnean, adinduak izanagatik sekulako indarra mantendu duten bi taldek eskaini zuten kontzertua: MC5/DKT amerikarrek eta Hoodoo Gurus australiarrek. Talde honetako abeslariak, David Faulkner-ek, musikariak aurkeztean bakoitzak taldean daramatzan urteak aipatu zituen harro: baxu-jotzailea 1984tik, gitarrista 1982tik... Orduan, zaharregiak direla pentsatu beharrean, haiengananako sekulako begirune eta miresmena sentitu genituen. MC5 ere bere indar guztiekin aritu zen, eskarmentuari osasunak laguntzen badio, agertokietan urte luzez ari daitekeela erakutsiz, duintasun apurrik galdu gabe. Honen bidetik datorren iritzia azaldu du Bad Religion taldeko musikagile, ekoizle eta Epitaph disko etxeko buru den Brett Gurewitz-ek haien disko berriaren kariaz egin dioten elkarrizketa batean: 18 urte zituztela, 45 urteko musikariez osaturiko punk talde bat ez zutela inolaz ere onartuko. Orain, aldiz, adin hori beteta, talde horretako parte izatea eta 30 urte pasatu ondoren oraindik ikusleen interesa piztea ohore bat dela esan du. Ohorea gurea, Hoodoo Gurus taldeko abeslariak publikoari zein kanta jotzea nahi genuen galdetu zigunean. Masa-hedabideek gerra hori irabazi arte, norbera bere izarrak aukeratzeko libre da oraingoz. Eta norberak miresten duen izar hori bertatik bertara edukitzea ohorea eta plazer handia da, haien kantu kutun hunkigarriak haiekin batera abestea emozioz beteriko uneak diren bezala. Horregatik, talde berrien alde egiten diren apustu eta lan guztiak beharrezkoak dira -gaur egun zeregin hori, lana baino, filantropia bada ere-, etorkizunean norbaiten talde kutuna izateko aukera merezi dutelako. Hala izan behar luke: talde berriei aukera eman sona handiko edota aspaldiko taldeekin agertokia partekatzeko. Jethro Tull taldeko txirula-jotzaile trebea zen Ian Anderson-i kontrakoa eramanez, musika maitatzen irakatsi diguten taldeei zera esanen diegu: «Horrela bizitzeko, hobe sekula ez hiltzea! Ezta zuek ere!».