GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak xedapen orokorrak ebatzi aurretik hizkuntzaren ikuspegitik aztertuko ditu

Lakuak onartu duen dekretuaren arabera, Gasteizko Gobernuak aurrerantzean onartzen dituen xedapen orokor guztiak, hizkuntza politikaren ikuspegitik aztertuak izan beharko dira. Alta, dekretua ez da beterazlea eta bertako aholkuak ez dira derrigorrean onartu behar.

p018_f01_111x111.jpg

Oihana LLORENTE | DONOSTIA

Lakuako hainbat sailek aurrerantzean onartuko dituzten arauetan hizkuntzaren trataera zaindu dezaten dekretu bat onartu berri du Gasteizko gobernuak. Joan den ostiralean Donostiako Miramar jauregian izandako bilkuran onetsi zuten aipatutako dekretua.

Atzo Gipuzkoako hiriburuan egindako agerraldian, aldiz, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea irmo agertu zen neurri hori «oso eraginkortzat» jotzerako orduan. Haren ustez, euskararen normalizazioa lortzeko «pauso esanguratsua» da.

Dekretuak, ordea, ez du izaera betearazlerik, nahitaezkoa baizik. Horren arabera orduan, Hizkuntza Politikarako Sailbuordetzak xedapen orokorren inguruan aginduzko txostenak egingo dituen arren, Gobernu Batzordeak ez du zertan horiek onartu. Xedapen orokorrak aurrera egin dezan, azken erabakia, betiere, Lakuako Gobernu Kontseiluaren esku dagoenez, hark ebatziko du Hizkuntza Politikarako Sailbuordetzak haren txostenean igortzen dituen irizpide edota aholkuak egokiak diren edo ez.

Joan den astean aurrera egin zuen dekretuaren ostean, beraz, xedapen orokorrak onartzerakoan Lakuako sail guztiek derrigorrez bete beharko duten prozedura izango da honakoa, «euskararen erabilera eta hizkuntza politikarekiko egokitzapena bermatze aldera», nabarmendu zuten agerraldian.

Hala, xedapenaren nondik norakoak Hizkuntza Politikarako Sailbuordetzaren esku jarri ostean, Baztarrikak buru duen sailak bi esparru aztertuko ditu; batetik, hizkuntzaren erabileraren normalizazioan «arau horrek eduki dezakeen eragina baloratzea» eta bestetik, arau horren «legezkotasuna aztertzea», betiere hizkuntzaren ikuspegitik. Gainera, azterketa hori hilabete baten buruan egin behar dela esan zuten.

Baztarrikarekin batera, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Jokin Azkue eta Kultura Saileko Zerbitzu zuzendari Lore Bilbao izan ziren. Hirurek «oso positibotzat» jo zuten dekretua kazetarien aurrean. Haien aburuz, euskararen normalizazioaren ardura ez da hizkuntza politikaren ardura dutenena bakarrik eta, hortaz, «eraginkorra» deritzote ardura hori «gero eta neurri handiagoan guztiena izateari». Era berean, neurri honekin hizkuntza politikak Gasteizko Gobernuan «gero eta zentralidade handiagoa» eskuratuko duela uste dute.

Lakuako Hizkuntza Politikarako buruak, bere erakundeak eta euskal administrazioak oro har, euskararen normalizazioaren gainean «modu oraindik ere eraginkorrago batez» jarraipena egiteari ezinbestekoa deritzo. Horiek hala, haren sailburuordetzak legealdi honetarako egitasmoen baitan lehen lan-ildo gisa, hizkuntza politikaren «zentralidadea» eskuratzea ezarri du. Hau da, hizkuntza politika Lakuaren zehar-lerro bilakatzea.

Baztarrikaren esanetan, «transbertsalitate izaera» hori aitortzeak sail bakoitzak bere ohiko jarduera eta egitasmoak diseinatu eta garatzerakoan hizkuntza irizpideari lekua egitea dakar. Eta Hizkuntza Politikarako Sailbuordetzak adierazi zuen hori hala izan dadin «saiatuko dela».

Guztien egitekoa

Agerraldian, Baztarrikak euskara «guztiona» dela nabarmendu eta haren erabilera bultzatzea «guztion egitekoa» dela nabarmendu zuen. Horren arabera, euskararen normalizazioa eginkizun sektoriala dela ukatu eta hortaz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoa izateaz gain, Gobernuko «departamentu guztiena» dela gaineratu zuen.

Hemendik aurrera Baztarrikaren esanetan, departamentu guztiek bere jarduera zehazterakoan kontuan hartu beharko dute euren ekimenek «nola eragin dezaketen euskararen normalkuntzan eta euskararen erabileran». Gainera, jarduera horiek euskararen erabilera normalizatzeko araudia betetzen dutela «bermatu behar dutela» adierazi zuen.

BETEBEHARRA

Baztarrikaren esanetan, dekretu hau Lakuak bere buruari ezartzen dion «hizkuntza-obligazio eraginkorraren» adibidea da. Haren jardunbidea «betetzera datorren aurrerapauso positibotzat» jo zuen.

argudiatu

Lore Bilbaok azaldutakoaren arabera, Gobernu Batzordeak Hizkuntza Politika Sailburuordetzak egiten duen txostena onartu ezean, erabaki horren nondik norakoak argudiatu beharko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo