ITZULIA | Bosgarren etapa
Freirek etxean lortu du garaipena; bigarrena jada
Gomez Marchante Palonberako mendatean ihesaldiarekin saiatu zen, baina ez zuen arrakastarik eduki
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Hasiera batean, nolabait mendiko etapa izanda, bazirudien mendizaleentzat eginiko etapa izango zela, baina azkenean esprintean amaitu zen atzoko jardunaldia. Hala, Oscar Freirek aurtengo Itzuliko bere bigarren etapa irabazi zuen. Esprintean Daniele Bennati eta Paolo Bettini baino azkarrago ibili zen kantabriarra 157 kilometroko ibilbidean eta garaipenarekin gelditu zen. Bertan ez ziren egon, ordea, Tom Boonen eta Alessandro Petacchi hautagai nagusiak atzean gelditu baitziren.
Cangas de Onis eta Reinosa artean eginiko atzoko jardunaldiak hainbat mendate zeuzkan: bigarren mailako hiru mendate (La Hoz, Ozalba eta Carmona) eta lehen mailako beste bat (Palonbera).
Azkeneko mendate horretan egon zen eguneko mementorik aipagarriena eta interesgarriena. Angel Gomez (Saunier) eta Karsten Kroon (CSC) txirrindulariak ihesaldian zeudelarik, Gomez Marchantek (Saunierrekin bi urterako berritu duenak) ezustekoa eman zuen tropelean eta iheslariak harrapatzen saiatu zen. Ezin izan zen Tourrean egon osasun arazok zirela eta, baina atzokoan ausarti agertu zen. Hala, Palonbera koronatu baino lehen, taldekidea harrapatu zuen eta baita atzean utzi ere.
Karsten Kroon herbeheretarrak, ordea, ez zuen etsi nahi eta mendatearen gailurrera bakarrik iritsi zen. 45 segundoko aldea zuen Marchanterekin eta pixkanaka alde hori handitzen joango zen jaitsiera amaitzean.
Ezustekoak
Memento hartan, dena den, ezusteko bat gertatu zen lasterketan. Bi iheslariak aldapa behera zihoazela, Marchantek denbora murrizten zihoan eta bazirudien harrapatu egingo zuela herbeheretarra. Errepidea oso zabala zen, autobia alegia, eta 10 kilometroren faltan bakarrik joateko ezinezkoa. Hala, Marchantek etsi eta tropelarekin batera elkartu zen.
Karsten Kroonek ahal zuen moduan eutsi zion lehen postu horri, baina 3,5 kilometroren faltan tropelak harrapatu eta esprinterako prestatzen hasi zen. Hautagai nagusien taldeak lan bikaina egin, eta esprinterrak toki ona bilatzen hasi ziren.
Reinosako kaleetako azken metroetan garaipenaren bila abiatu ziren Freire, Bennati eta Bettini. Bigarrenak bazirudien garaipena eramango zuela, baina azkeneko metroetan kantabriarrak bere indarra atera zuen. Tourrean irabazi ez zuena etxean irabazi, eta itzuliko bigarren garaipena lortu zuen.
Atzoko bosgarren etaparen ondoren, sailkapen orokorreko lehen postuetan ez da aldaketa nabarmenik egon. Caisse taldeko Vladimir Efimkin lehen postuan dago oraindik ere eta Denis Menchov bigarren da.
Gaurko etapa, seigarrena, trantsiziozkoa izango da Reinosa eta Logroño artean. 183 kilometro edukiko ditu eta esprintean amaitzea espero dute.
Oscar Freirek Itzuliko bere bigarren garaipena lortu zuen atzo etxean: «Hemen irabaztea beti pozgarria da oso. Leku ona hartu dut esprintean nahiz eta azken bihurgunean aurretik jarri zaizkidan aurkariak. Azkenean garaipena lortu ahal izan dut».
Jose Angel Gomez Marchantek etapa ona egin zuen atzokoan. Ez zen aurtengo Tourrean egon osasun arazoak zirela-eta, baina atzoko etapa ondoren moralki indartuta atera zela ziurtatu zuen: «Saiatu egin naiz gaurkoan. Ondo nengoen eta moralki atzo -asteartea- baino hobeto bukatu dut eguna».
Beste alde batetik, Caisse taldeko txirrindulariak bere egoera fisikoaren inguruan hitz egin zuen ere: «Atzoko eguna -asteartea- nahiko txarra izan zen niretzat. Besteak baino maila beheragoan nago oraindik, baina ahalik eta lasterren forma hartzea espero dut».
I.C.