Bulegoak
Donostiak traineru bateratua izango du datorren denboraldian
Odon Elorzak Arraun Lagunak eta Ur Kirolak elkarteen arteko akordioa baieztatu du, eta aurkezpena datorren astean egingo dute
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Donostiak traineru bateratua izango du datorren denboraldiari begira. Odon Elorzak, Donostiako alkateak, jakinarazi zuen notizia astearte gauean. «Arraun Lagunak eta Ur Kirolak arraun elkarteen artean akordioa itxita dagoela baiezta dezaket hurrengo urtean Donostiako hiria merezi duen moduan ordezkatuko duen traineru bateratua osatzeko», adierazi zuen komunikatu ofizial baten bitartez.
«Azken hamabost hilabeteetan egindako negoziazioek fruitua eman dute azkenean eta astelehenean bertan bi elkarte horietako ordezkariek beren arteko akordioa aurkeztu zuten bai nire aurrean, baita kirol zinegotziaren eta kultura delegatuaren aurrean ere», zehaztu zuen alkateak.
Gainera, Donostiako Udalak bere babesa eskaini zion traineru bateratuari, eta erabakia «historikotzat» jo zuen Elorzak: «Bi elkarteek elkarren artean hartutako erabakiak beti errespetatu eta lagunduko ditut, hiria eta afizioa harro egoteko moduko traineru lehiakorra eraikitzeko prozesua bultzatuta. Akordioa historikotzat jotzen dut Donostiako arraunarentzat eta nire esker beroenak eman nahi dizkiet bi elkarteei Donostiako afizioaren eskaerei erantzuna emateko egin duten esfortzuagatik».
Azkenik, proiektua erabat gauzatzeko babesletza ixtea baino ez dela falta adierazi zuen Donostiako Udalak. «Ur Kirolak eta Arraun Lagunak elkarteetako zuzendaritzek egin duten bezalaxe, nik ere enpresa bat baino gehiagorekin harremanak berrartu ditut trainerua babes dezaten. Babesletza akordio horiek itxi izanak ahalbidetuko du traineruaren aurkezpen ofiziala datorren astean egitea», aurreratu zuen alkateak.
Zurrumurruak
Albistea Gipuzkoako bi egunkarik zabaldu zuten atzo eta zenbaki batzuk ere aurreratu zituzten. Informazio horien arabera, akordioan parte hartuko luketen hiru alderdietako bakoitzak -Donostiako Udalak, babesle nagusiak eta elkarteek- 120.000 euro jarriko lituzke proiektu berria aurrera atera ahal izateko eta, hasiera batean, helburua KAE Ligan bi ontzi edukitzea izango litzateke. Gaur egun, Donostia Arraun KAE-1 Ligan dabil eta Ur Kirolak KAE-2an.
Gaineratu zutenez, traineru bateratua ateratzeak ez du zertan bi elkarteek bat egin beharko dutenik esan nahi, eta bi elkarteen artean jada hasi dira traineru berriaren prestaketaz arduratuko litzatekeen entrenatzailean pentsatzen. Dirudienez, goi-mailako bi prestatzaileren izenak mahai gainean jarri dituzte dagoeneko.
GARAren deiari erantzunez, Josetxo Fernandez Vaqueriza Donostia Arrauneko presidenteak nahiago izan zuen adierazpen gehiegirik ez egin. «Elementu askok hartzen dute parte proiektu honetan: bi elkarteek, Udalak, babesleak... eta, beraz, aurkezpen ofiziala egin arte nahiago dut adierazpenik ez egin. Edozein modutan, baiezta dezaket akordioa egon badagoela, negoziazioak bide onetik doazela eta, azken orduko arazorik ez badago, behintzat, aurkezpen hori datorren astean egingo dugula», argitu du.
Kontuan izan behar da aurreko uda amaieran ere, azken aldia aipatzeagatik, negoziazioak oso aurreratuta zituztela baina azkenean, azaroan, proiektua bertan behera gelditu zela. Ur Kirolak taldearen esanetan, Arraunek ez zituen «adostutako gutxieneko irizpideak» betetzen «ez ekonomikoki, ezta kirol-arloan ere». Arraun Lagunak taldeak salatu zuenez, proiektua aurrera ez ateratzea «Ur Kirolaken alde bakarreko erabakia» izan zen, «ezkutuan gordetako arrazoiren bat» tarteko.