GARA > Idatzia > Ikusmira

Estatuaren zaintzapean, eta babesik gabe

Aurreko igandean, Basauriko kartzelan preso zegoen pertsona bat hil zen. Euskal Herriko kartzeletan aurten hil den bigarrena izan da. Ez dute ezagutzera eman preso horren izenik, ezta bestelako datu pertsonalik ere. Hala ere, nahiz eta askatasunik gabe bizi, giza eskubide guztien jabe behar zuen pertsona zen. Hori dela-eta, bere heriotzaren harira eta aurten Estatu espainoleko kartzeletan edo Poliziaren esku hildako beste 56 pertsonen heriotzen harira izan den oihartzun txikia eta horiek gizartean sortu duten alarma hutsala adierazgarriak dira oso.

Salhaketa taldeak gogorarazi du, presoak Estatuaren zaintzapean daudela, eta horrek esan nahi du haien segurtasuna zaintzea Estatuaren esku dagoela. Beraz, presoen heriotzak ikertzea eta ardura guztiak argitzea ezinbesteko betebeharra da kartzeletako arduradunentzat. Hala ere, ez da izan heriotza horien guztien gaineko ikerketarik, are gutxiago ardura hartzerik, edo, behinik-behin, ez diote gizarteari horren gaineko inolako azalpenik eman.

Estatu espainoleko kartzela-politikak kartzeletan gero eta pilaketa eta masifikazio handiagoa egotea dakar, nahiz eta kartzela berriak etengabe zabaltzen ari diren. Jakina da indarrean den sistemak ez duela bergizarteratzeko helburu teorikoa beteko; areago, gero eta argiago geratzen ari da arriskutsua dela presoentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo