GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marka guztiak hautsi zituen 2005eko gazta haren arrastoan dira Mauxitxakoak

raileko lehenengo asteazkenak jendetza bildu zuen, beste behin ere, Ordizian. Euskal Jaietako Azoka Berezia hitzordu saihestezina bilakatu da urteotan hainbat eta hainbatentzat, orotariko ekoizpenak ikusi, dastatu eta erosteko. Baina, zalantzarik gabe, aurten ere Ardi Latxaren Esnez Egindako Gazta Lehiaketa izan da ordiziarren eta bisitarien arreta bereziki erakarri zuena. I

p022_f02_222x144.jpg

Mikel JAUREGI

34. edizioa zuen lehiaketak, baina irabazlea ez zen berria. Elgoibarko Mauxitxa baserriko Jesus Ansola Juaristik aurkeztutako esnekiarentzat izan ziren epaimahaiaren laudorio handienak -ekoizleak, horrenbestez, 1.623 euro, garaikurra eta Ordizian irabazletzat jotzen duten 5.000 etiketa jaso zituen, besteren artean- eta 2005ean lortutako garaipena errepikatu zuen. Ondoko enkantean, berriz, Divinus Catering enpresako Joaquin Arratibel tolosarrak eskaini zuen diru gehien gazta saritua etxeratzeko: 6.400 euro gazta erdiagatik, iazkoa bereganatzeko eskaini zutena baino 200 euro gehiago, baina duela bi urte Ansolak berak aurkeztutakoagatik eman zituzten 12.100 euroetatik oso urrun. Hala ere, sariketa honen historian inoiz eskaini den bigarren sos kopuru handiena izan da aurtengoa.

«Zapore handiko gazta izan da, itxia, eta uste dut horrek eragina izan duela epaimahaiaren aukeraketan», adierazi zuen Ansolak saria jaso ostean.

Mauxitxa baserrikoak kasik ohituta ere badaude lehiaketetan gailentze horretan. Duela bi urte egindako Idiazabal gaztak, esaterako, marka guztiak hautsi zituen: Ordiziakoaz gain, beste zortzi garaikur jaso zituen beste horrenbeste sariketetan, ohorezko beste hainbat postu eskuratzeaz gainera. Aurten ere orduko martxa bera hartu dutela dirudi, joan den igandean bertan Legazpiko Artzain Egunean jokatutako Gipuzkoako Gazta Txapelketan gailendu baitziren. «Gauza berririk ez dugu egin. Baina, dirudienez, sail batzuk hobeto sartu dira erabiltzen diren parametroetan», esan zion 2005eko azaroan GARAri Ansolak berak. Gauza berririk egin edo ez, sekreturik izan edo ez, nabari da Elgoibarko sendi honen lanak epaimahaikideak asebetetzen dituela.

Aurpegi ezagun askok osatutako epaimahaiak -han ziren, esate baterako, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi, Jose Juan Castillo, Andoni Luis Aduriz, Fernando Canales eta Juan Mari Arzak sukaldariak; azken hori presidente lanetan, gainera- Zeraingo Francisco Javier Muñoaren gaztari eman zion bigarren saria, Eulateko Ricardo Remiro Agirrerenari hirugarrena, Olaberriako Aizpea Gaztandegiak aurkeztutakoari laugarrena eta Idiazabalgo J. Aranburu Elkarteak ekoitzitakoari bosgarrena.

61 gaztagilek hartu zuten parte neurketa berezian. Horietatik zazpik estreinako aldiz jardun zuten, eta Beti-Alai pilotalekuan sortzen den giro beroaren lekuko izan ziren. Baita preso politikoen eskubideen urteroko aldarrikapenarena ere, Etxerat-en elkarretaratzeak ere ez baitzuen hutsik egin nahi izan aurten.

Kolore, usain eta zaporeak

Baina atzoko eguna ez da lau horma horien barruan egiten den lehiaketara mugatzen. Ordiziako kaleek kolore eta usain berezia izaten dute iraileko lehenengo asteazkenean: barazkiek ematen dietena, perretxikoena eta onddoena (azken horiek, denboraldiko lehenengoetakoak), fruituena, eztiarena, opil eta gozoena, sagardoarena, talo, pintxo eta bestelako jakiena... Hori eta gehiago ikusterik eta erosterik zegoen, baita belarra mozteko makinak ere. Eta ganadua, hegaztiak...

Eguraldia lagun hartuta -inolako aitzakiarik gabea, Ordizian kasik ohitura denez-, milaka lagun ibili zen postuz postu. Horrenbestekoa zen jende andana, autoa aparkatzeko ere arazoak izan zituen batek baino gehiagok -Gipuzkoako udalerrian egiten ari diren lanek ez zuten askorik lagundu eginbehar horretan-. Kalez kale, plazaz plaza, erakustokiei begira. Eta Beti-Alairen kanpoaldean egiten diren gainerako sariketei adi.

Izan ere, ardi latxa esnez egindako gaztarenaz gainera, lehiaketa gehiago ere izaten baita Euskal Jaietako Azoka Berezian. Astero Ordiziako plazan biltzen diren baserritarren artekoan, Baliarraingo Maria Jesus Mujikak lortu zuen saria. Gainerakoen artean, fruituenean, Idiazabalgo Ramon Aseginolaza gailendu zen, eta barazkienean, ostera, Elgoibarko Peio Rubio.

Azken horrek ekoizpen ekologikoan jarduten du buru-belarri, eta filosofia aski argia du: «Nekazaritzan pauso bat atzera eman beharra dago gero aurrera egin ahal izateko». Bere iritziz, antzinako baserritarren «sistema naturalen» alde egitea komeni da, ongarrietan adibidez. «Sistema haiek denak erabili beharko genituzke gure lan honetan produktu kimikoen ordez. Horiek ez dira onuragarriak, eta azkenean zer jaten dugun ere ez dakigu».

Euskal Oiloaren XXVI. Lehiaketa-Erakusketan, Andoaingo Eusko Oilozaleen Elkarteak bost sarietatik lau eskuratu zituen -oilo gorriarenak besterik ez zion ihes egin, Albizturko Xabier Goikoetxearen mesedetan-. Aldiz, Pirinioetako Arrazako Behienean banatuxeagoak egon ziren sariak. Oñatira, Idiazabalera, Zestoara, Zaldibiara eta Azpeitira joan ziren, nahiz eta horretan ere irabazle nagusi bat izan zen: Irungo Antonio Agirrebarrena, bi lehen sarirekin eta hiru bigarrengorekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo