GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Hondarribiko alardea

Murru beltzak ez du etengo emakumeen eskubideen aldeko borroka luzea

Tradizioak agintzen du. gaur, eskopeta soinean edota txilibitu eta danborrarekin desfilatzeko hautua egingo duten emakume hondarribitarrak beste behin ere plastiko beltzen artean ikusezin bilakatu nahi izango dituzte. Baina, han izango da Jaizkibel konpainia irainei duintasunez erantzunez.

hondarribia.jpg

Oihana LLORENTE

«Emakumeon ahoak itxirik eta plastiko beltzen artean ikusezin nahi gaitu EAJk». Marije Fullaondo Batasunako mahaikidearen hitzak dira horiek. Eta badu oinarririk baieztapen horrek, izan ere, Hondarribiko Udalak eta Lakuako Barne Sailak ez dute ezer egingo kaleetan plastiko beltza egon ez dadin.

Emakumeak soldadu moduan onartzen dituen Jaizkibel konpainiak, neurriak hartzeko eskatu die bi erakunde horiei baina, biek ala biek ezezkoa erantzun diote. Erantzuna, gainera, ez zen horretan gelditu. Jaizkibel konpainiak desfilatzen duen bitartean alarde tradizionalaren aldekoek adierazpen askatasuna dutela ere adierazi zieten eta, horren kontra ezertxo ere ezin dutela egin nabarmendu zuten.

Jaizkibel konpainia bezalaxe ezker abertzalea ere ez dago konforme bi erankunde horiek hartutako jarrerarekin eta EAJk duen erantzunkizuna salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, alderdi horrek Donostian duen egoitzaren parean. Eskubideak zapaltzea ahalbidetzeko EAJk erabiltzen duen «errezeta» berdina erabiltzea otu zitzaien eta eskubideak errepesta daitezen galdegiteko egoitza jeltzalea plastiko beltzez inguratzen ahalegindu ziren.

Ahalegindu. Bertan, kasko eta guzti erabat prest zeuden ertzainek ez baitzuten ondo ikusi ekimena eta, euren borrak eskuetan ezker abertzaleko militanteak mehatxatu eta plastikoaz jabetzen saiatu ziren.

Nonbait, ohartu egin dira ez dela gozoa plastiko beltzaren artean egotea.

Alta, egoera aldrebesa da. Atzo plastiko beltzaren atzean emakumeen eskubideak defendatzen dituztenak erasotu zituzten. Gaur plastikoz inguratuta egongo diren emakume soldaduak erasotuko dituzte. Ez agian ertzainen borraz baina, bai beren pasibotasun eta isiltasun konplizearekin. Era batean edo bestean, beti dira emakumeen eskubideak erasoen jomuga.

«PNV. Non daude eskubide guztiak pertsona guztientzat?» zioen pankartaren atzean elkarretaratu ziren ezker abertzaleko kideak emakumeak gizartean parte har dezaten esaktzeko.

Ezker Abertzalea Legebiltzar taldeak ere bere atxikimendua eskaini nahi dio Jaizkibel konpainiari eta Hondarribiara bertaratzeko deia egin du gaurko.

«Zuekin inoiz ez»

Egun handia iritsi da hondarribitarrentzat. Eguna goiz hasiko dute Jaizkibel konpainiakoek. Galtza zuriak txukun jantzi, txaketa beltza soinean hartu eta txapel gorria mimoz jarri.

8.15ean hasiko da Zumardian. Konpainiako filak txukun-txukun osatuko dituzte Jaizkibel osatzen duten gizon emakumeek. «Ez gara zuek ikustera etorri» edo «zuekin inoiz ez» leloak dituzten pankartei muzin egin, arnasa sakon hartu eta soinua jo edo eskopetari tente-tente eutsi eta aurrera, emakumeen eskubideak jokoan baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo