Hondarribia eta Ordizia, jaia nahi duenak okasioa du batean edo bestean
Oraindik ere bada okasioa eta itxura denez gogorik ere ez da falta. Asteburuan jaia nahi duenak primerako aukera du Hondarribian eta Ordizian. Kostaldeko herrian, egun handia ospatuko dute gaur. Alardea izango da zalantzarik gabe ekitaldirik garrantzitsuena. Ordiaziarrak ere jairik-jai dabiltza. Asteazkenean ospatu zuten egun handia, baina Goierriko herri horretan bihar arte bada zer ikusi eta zer gozatu oraindik ere.
GARA |
Uda azkenera iristen ari bada ere, jaiek ez dute oraindik ere atsedenik hartzeko asmorik. Gipuzkoa aldean asteburuan jaiak han eta hemen ospatuko dituzte, Hondarribian eta Ordizian kasu.
Hondarribian Guadalupeko Amabirjinaren jaiak ospatzen dituzte ostegunaz geroztik. Gaur jaietako egun handia da hondarribiarrentzat. Goizean goizetik abiatuko dute festa. Bostetan alborada izango da eta ordubete geroago, diana. Eguneko ekitaldirik garrantzitsuena, ordea, horrenbeste hauts arrotu dituen alardea izango da.
Gauean Bentan izango da ekitaldi nagusia. Rock kontzertua izango da Boikot eta Reincidentes taldeen eskutik.
Bihar ere eguna ekitaldiz lepo datorkie hondarribiarrei. Besteren artean, eguerdian lehenengoz Street Skate txapelketa jokatuko da eta iluntzeko 19.00etan Euskal Herriko harri-zulatzaileen 9. Liga. Musikak hartuko du ondoren lekua: lehenik, Mexikoko Trio Jaliscoren emanaldia izango da Gipuzkoa plazan 19.30ean eta ordu berean San Pedro kalean Portukada perkusio taldearen eskutik batukada. 22.00etan Anje Duhalderen kantaldiaz gozatzeko aukera izango da Santiago kalean eta Bentan, berriz, Atom Rhumba eta Los Coronas musika taldeen emanaldia.
Biharko egitaraua ekitaldiz lepo badator ere, hondarribiarrek ezin dute huts egin eguerdian, herriko arraun taldea Kontxako bandera lortzeko lehiatuko baita. Oraindik ere oso gogoan dute herritarrek, orain bi urte jaietan irabazitako banderak gozarazi ziena.
Sega protagonista Ordizian
Hondarribiarrak jaietan dabiltza eta, ordiziarrak ere beste hainbeste. Asteazkenean urteko azokarik garrantzitsuena ospatu zuten Goierriko herri horretan, giro paregabean, baina asteburuan ere bada jairik. Gaur goiz eta arratsalde haurrek bapo pasatzeko aukera izango dute, Jose Migel Barandiaran plazan jarritako puzgarrien parkean. Ekitaldi deigarriak nahi dituenak eguerdian du aukera, lehenengo aldiz egingo baita sega zorrozte txapelketa, tradizional eran. Segari lotuta jarrituko du jaiak arratsaldean, Euskadiko Segalarien II. Txapelketa jokatuko baita taldeka.
Egunari amaiera bertso-jaialdiak emango dio Herri Antzokian, bertsozaleen gozagarri.
Gaur Boikot eta Reincidentes taldeek kontzertua eskainiko dute Hondarribiko Bentan; bihar, Anje Duhaldek jarriko du musika Santiago kalean eskainiko duen emanaldian.
Sega munduari lotuta datorkie gaur jaia Ordiziarrei. Eguerdian sega zorrozte lehiaketa izango da; eta arratsaldean Euskadiko Segalarien II Txapelketa jokatuko dute.