GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz Idazlea

Euribortizkeriaren biktimak

Beti galdu naiz makroekonomiaren datuen laberintoan. Burtsaren jarduera ia ulertezina iruditzen zait, eta asko kostatzen zait diruaren logikan kokatzea. Baina, jakin badakit euribor indizea igotzen delarik gure poltsikoek sufritzen dutela. Puntu laurden bat deus ere ematen ez duen arren, izugarrizko diru galera bilakatzen da eta hileroko gastuak biderkatzen ditu. Jakina, alferrikakoa da soldata edota bestelako diru sarreretan neurri bereko igoerak espero izatea: oreka arrastorik ez!

Azken urteotan hipotekaren zama daramagunok jasan ditugu indizeen eboluzioaren ondorioak, eta gaur egun kezkagarria eta batzuetan itogarria bihurtu da jende ugarirentzat. Etxe erosketa kopuruan nabaritu da, nonbait, eta jende asko hipotekak berriro negoziatzen saiatu da, arrakasta izan ala ez. Horrelako gauzak gertatzen direnean, ardurak ezkutatzen dira. Erruduna ekonomia da. Hura «ongi» doalarik, gobernuen meritoa da, baina gaizki joanez gero (pobreentzat beti), inork ez du erantzukizuna bereganatu nahi.

Horiek hala, euribor horren menpe bizi gara. Diru aski ez genuelako eskatu behar izan genuen mailegua malgua izanen zela bagenekien, interes aldakorra zelako, baina ez ziguten argitu igokorra izan behar zuela. Orain, ekonomiaren datuak gustatu ala ez, Banku Zentralaren eta antzeko diru erakundeen erabakiei so egiten ematen ditugu asteak, kalkulagailua eskuetan.

Dirua, beti dirua. Demokrazia bigarren mailan gelditzen da diruaren legeen aitzin. Botoa emateko eskubidea dugu, bai, gure kasuan erabat mugatuta izanik ere, baina ezin dugu deus ere erabaki hipotekei egokitzen zaien interes tasari esker. Ez guk, ezta politikariek ere, nonbait. Gertaera hauek oroitarazten digute demokrazia eta kapitalismoa ezin direla esaldi berean uztartu. Herriak agintzen badu, ezin du diruak agindu. Ezta alderantziz ere. Ez dago diruaren demokraziarik.

Badakit ez naizela inolako aurkikuntzarik azaltzen ari. Baina batzuetan ahazten dugu kapitalismoaren menpe bizi garela, eta gure bizitza baldintzatzen duten erabakiak gutti batzuek hartzen dituztela, guk hautatu ez ditugunak, alegia. Euribortizkeriaren biktimak garela, finean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo