GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Gerokoan bizi, unea bizi

Etxera heldu bezain pronto askotxok hartu dute egutegia eta bilatu dute ea noiz den hurrengo zubia, noiz bueltatu ahal izango diren erloju gabeko egunetara. Hemendik aurrera, eta berriz jaia eduki arte, zerbaiten esperoan bizi izango dute egunen joan-etorria, iragan beharreko trantze hila balitz bezala.

Aste pare batean sentituriko askatasuna amaitu egin da. Amaitu dira oporrak. Eta hurrengo oporretara arteko denbora nola edo hala igaro beharra dagoela hautematen dute. Esperoan bizi dira, gerokoan. Hortik frustrazioa. Hortik desesperantza.

Beste askok, ordea, alibioa sentitu dute ohiko lanaren zurrunbiloan berriro sartzean. Mugak zehaztuta daude ordutegi jakin batean; badakite zer egin behar duten une bakoitzean eta, batez ere, badakite zer espero den beraiengandik, zein den beren lekua espazioan. Ordu bakoitzak zentzua du; beharrak oreka ematen die, joko-zelaia aldez aurretik ezaguna da. Ez da gauza handirik berriztu behar. Ekin, ekin eta ekin. Gainera, beren eremuan badira nor, badakite nola jo. Oporrak, pertsona horientzat, tarte desorekatzailea da, eta aisialdiaren lehen egunetan gaixotu egiten dira, fisikoki gaixotu, adrenalina jaitsi ahala.

Batzuk eta besteak? Oporren zain konbultsiboki daudenak zein lanaldiaren gosez jarduten dutenak ere? Denak daude esperoan. Denak bizi dira gerokoan, momentua bizitzea zaila baita. Zaila da unean unekoa bizitzea ezeren esperoan egon gabe, datorrenaz grinatsu agertu barik. Unekoa gustura bizitzeko gustukoa izan behar da unea bera, izatez.

Kontua korapilatzen da gure esperantza beste bizitza mota batean jartzen dugunean. Arazoa da arin pasarazi nahi duguna ez denean urteroko sasoia. Baliteke uste izatea zoriontsuak izango garela ikasketak amaitutakoan, edo maitatuarekin bizitzean, edo seme-alabak beren kabuz bizi direnean, edo lanpostu eta soldata hobea lortuko ditugunean, edo guretzako denbora librea daukagunean. Orduan epeak luzeagoak izaten dira, urtetakoak, eta haren esperoan egonik ez ditugu gozatzen tartean dauden une gozagarriak, pasoan gaudelako.

Zenbatek bizi dute bizitza osoa pasoan! Beti esperoan daude, gerokoan jarrita dute itxaropen osoa. Antsietateak eragozten die tartetxoetan dagoena behatzea, gauza ñimiñoekin egunari zentzua ematea... Gertaera handiak espero ditugu egun handia izan dadin. Eta halako egun handirik gutxi izaten dira bizitzan zehar.

Adinarekin ikasten da esperoan dugun data miragarria (desiratutako bidaia, opor txundigarriak) heldu, heltzen dela. Baina heldu bezala joan egiten da. Hori da irakasgai krudela, muga berriak behin eta berriz ezarri behar baitira tiraka egiteko eguneroko dezepzioan. Mugak denbora-espazioan kokatzen ditugu; eta urrunen daudenak ere noizbait gainditu egiten dira. Eta pasa.

Unean bizitzen jakingo bagenu, dezente jaitsiko genuke frustrazio maila. Une bakoitza desiratua denean, lanean izan edo oporretan izan, ez gara egoten ezeren esperoan bizimodu tristea justifikatzeko. Hain tristea izaten ez delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo