VUELTA | Zazpigarren etapa
Zabelen lehiakortasunak saria aurkitu du Zaragozan
Freire ez zen sartu esprintean, eta 37 urteko alemaniarrak Davis, Bettini eta Koldo menderatu zituen
Unai IRARAGORRI | BILBO
Ez ditu aukerak galtzen lehengo abiadura ez duen arren. Baina sekulako handigura du 37 urterekin. Horregatik, Erik Zabelek besoak altxatu zituen atzo Zaragozan, Allan Davis, Paolo Bettini eta Koldo Fernandez Larrea euskalduna menderatuta. Sailkapen nagusian, Caisse d'Epargne taldeko Vladimir Efimkinek lidergoari eutsi zion, eta gaur erlojupekoa izango da.
Urduri ibili zen tropela azkeneko kilometroetan, eta erorketa batek multzoa zatitu zuen. Horregatik, Freirek ez lehiatzea erabaki zuen, eta bidea libre utzi zien aurkariei. Boonen eta Petacchi ere atzean geratu ziren.
Zabelek, Bettinik, Davisek eta Fernandez de Larreak, berriz, erorketa gainditu zuten, eta azken metroetan lehiatu ziren. Davis eta Zabel izan ziren bizkorrenak. Oiartzungoak besoak altxatu zituen eta, noski, irabazi zuela ematen zuen. Edonola ere, australiarrak huts egin zuen, eta alemaniarrak eraman zuen zazpigarren saioa.
Izan ere, Davis irabazi gose da; talde baten bila dabil Australiako euskalduna, eta emaitzak nahi ditu, ibilbide polita eta duintasunak dituen arren.
Hortaz, etapa Zabalek eraman zuen eta, bide batez, Espaniako Itzuliko zortzigarren garaipena erdietsi zuen. Guztira, 200 garaipen baino gehiago ditu; izan ere, 15. denboraldia du profesionaletan, 13 Telekom edo T-Mobile taldearekin eta azken bi urteak Milram-ekin.
Ezbairik gabe, ibilbide oparoa du 37 urteko alemaniarrak; esaterako, 12 etapa irabazi ditu Tourrean -6 aldiz jantzi du erregulartasunaren elastiko berdea-, hainbat klasika, adibidez, lau garaipen Milan-San Remon eta hiru Paris-Tours proban, eta dominak munduko txapelketetan. Dena den, bere ibilbidea zikindu zuen udaberrian; izan ere, 1996. urteko Tourrean lehiatzeko EPO hartu zuela aitortu baitzuen. Orduan bakarrik egin zuela adierazi zuen.
Milramek taldean jarraitzen utzi zion, eta zaleek txalotu zuten Alemanian. Orduan hasi zen garaipenak pilatzen, eta atzokoa urteko bosgarrena da. Asko lehiatzen da esprint guztietan sartzen baita; gutxitan nagusitzen da, ordea. Sua galdu duela dirudi; izan ere, Tourreko azken garaipena 2002. urtean lortu zuen. Sttutgarteko Munduko Txapelketa du xede, eta hara joateko hautatu dute, baina antolakuntzak ez du irteeran izatea nahi -ezta Valverde ere-.
Edonola ere, ez zaio ahaztu irabaztea, eta Davis, Bettini eta Fernandez de Larrea aurkarien gogoak zapuztu zituen atzo. Hain zuzen, Euskaltel-Euskadi taldekoa ongi aritu zen berriro ere, eta laugarren sailkatu zen. Garcia (Relax) eta Rosendo (Andalucia) eguneko protagonista izan ziren, baina zortzi kilometrora harrapatu zituzten.
Menchovek aukera ezin hobea du gaur, erlojupekoak 52,2 kilometro baititu. Evans eta Devolder ere ondo moldatzen dira, eta Sastre, Samuel, Pereiro eta Gomez Marchante alde txikien galtzen saiatuko dira.
Bihar eta etzi mendia izango da nagusi. Igandean, Cerlerren bukatuko da etapa; astelehenean, berriz, Arcalis gainak emango dio amaiera saioari. Igotzaileek primerako aukera dute aldeak murrizteko.