Gorri-urdinek Balaidos bisitatuko dute
Konfiantza presio ez bilakatzeko aukera
Eibarrek denboraldiko lehen garaipena bilatuko du hasiera kaskarra egiten ari den aurkari baten kontra
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Udanr sumatu den konfiantzako giroa ez da Eibartik desagertu, taldeak Ligako lehen bi jaurdunaldietan puntu bakarra lortu duen arren. Gorri-urdinek partida horietan egindako jokoak eta aldagelatik irtetzen den mezuak zalantzak agertzea saihestu dute.
Jakina da, hala ere, futbola nolakoa den. Emaitzek laguntzen ez dutenean baikortasunak ez du gehiegi irauten eta are gutxiago zaleen amodioa. Eibarrek, beraz, lehen baino lehen aprobetxatu beharko ditu aukerak, konfiantza presio bilakatu ez dadin.
Eta aurkariaren izenak alderantzizkoa iradoki dezakeen arren, gaurkoa gipuzkoarrek itxaroten duten aukera izan daiteke, Celtaren denboraldiaren hasiera -puntu bakarra dute horiek ere- antzekoa baita.
Lehen mailara bueltatzearen helburua duen taldea da eta ez du oraindik partidarik irabazi: izan ere, Cordobak, aurten igotako beste batek, berdinketa ostu zion etxean lehen jaurdunaldian, zale galiziarren haserrerako. Hurrengo norgehiagokak ez dira hobeak izan, Castellon eta Malagan -Kopan, kasu horretan- porrota jaso baitzuen Celtak. Vigon diotenez, Hristo Stoichkoven postua arriskuan egon daiteke, hasiera kaxkar honekin iaz mantentzearen miraria ez lortzeak sortu zuen atsekabea luzatzen baitu.
Arerioaren presioa aprobetxatu nahi du, beraz, Eibarrek, berea ez agertzeko. Javier Mandiolak onartu zuenez, «apala izateak abantaila bat edo bat izan behar du. Puntu bana daukagu, baina beren kasuan premia askoz handiagoa da. Eta bi ahoko ezpata izan daiteken arren, gu horretaz baliatu behar gara gure jokoa egin eta emaitza on bat lortzeko».
Probetxu hori ateratzeko, gainera, Manixek hainbat aldaketa egin dezake gaur bere hamaikakoan, astean egin dituen probak kontuan hartuta.
Hasteko, eta Txiki eta Raul Garcia ederki aritu diren arren, entrenatzaileak Dani Martino jarri dezake ezker hegalean, Celtako jokalari ohiaren motibazioaz baliatzeko. David Zurutuzak jokatzeko aukera izan dezake ere, Carmelo Yustek hainbat lan-saio galdu baitu aste honetan, derbian izandako kolpe bat zela-eta, hain zuzen ere.
Aurrealdean heldu daitezke, hala ere, aldaketa nabarmenenak, Manixek ezer aurreratu nahi ez bazuen ere. Izan ere, Nico Medinaren debuta izan daiteke gaur; kasu horretan, Joseba del Olmok eskuinean joka dezake eta Yaguek ezkerraldean. Bestela, Realaren aurka erabilitako eraso-lerro berbera mantenduko du Manixek.
Talde horrekin eta jokalariek duten motibazioarekin, entrenatzaileak «oso zail ikusten» du Celtak «gu irabaztea». Stoichkovek ironiaz hartu zituen atzo hitz horiek, «Milan edo Barça dira, beraz», erantzunez, bere taldeak oraindik mailarik onena ez duela lortu onartu arren. Hala ere, denboraldiko lehen garaipena lortzea espero du, «abiadura eta sorpresa» erabilita, «lerroen artean oso ondo jokatzen duen talde» baten aurka.
Aste osoan egin dituen probak kontuan hartuta, Manixek hainbat aldaketa sar dezake hamaikakoan. Zurutuzak eta, batez ere, Martinok eta Nico Medinak debutatzeko aukera izan dezakete horren ondorioz.
Manixek «Celtak gu irabaztea oso zaila ikusten» duela esan, eta Hristo Stoichkovek ironiaz erantzun zion atzo; «Milan edo Barça izango da, beraz», esan zuen Celtaren entrenatzaileak.