GARA > Idatzia > Kultura

Katixa Agirrek Igartza beka lortu du «Etxetik irten gabe» idazteko

Aurtengo udaberrian «Sua falta zaigu» liburua kaleratu zuen, eta orain X. Igartza literatur sorkuntzarako bekaren sari nagusia lortu du. Katixa Agirrek 6.000 euroko laguntza izango du «Etxetik irten gabe» ipuin-bilduma aurrera ateratzeko. Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio epaimahaikideek gainera, Irati Jimenez ere saritu dute accesitarekin.

p048_f01_199x100.jpg

Izaro AULESTIARTE | BEASAIN

Hamar urte bete ditu Igartza sariak, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten bekak. Igor Estankona, Xabier Etxeberria eta Karmele Jaio aritu dira epaile lanetan, eta deialdi horretara aurkeztutako hamahiru proiektuak «oso maila ona» dutela nabarmendu dute. Hori dela-eta, bi izan dira azkenik irabazleak: Katixa Agirre eta Irati Jimenez.

1981.urtean Gasteizen sortu zen lehena eta «Etxetik irten gabe» ipuin-bildumaren proiektuarekin irabazi du sari nagusia, 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartzana. «Sari baten berri beti jasotzen da ondo, poztasun handiz, eta liburua oraindik idatzita ez dagoenez, oraindik ere hobea da konfiantza eman baitidate inolako oinarririk gabe, apur bat inprudentziaz, uste dut», esan zuen atzo Katixa Agirrek irribarretsu.

Liburua oraindik ere proiektua den arren, nabarmendu zuen buruan duena ipuin-bilduma dela, eta ipuin guztiek komunean zerbait izango dutela ere aurreratu zuen. «Burura ipuin ugari etorri zitzaizkidan eta ikusi nuen guztietan etxea zela horien gune. Etxea ipuin guztietan agertuko da, ez espazio moduan bakarrik, baizik eta ia-ia pertsonaia bezala ere. Etxeak baldintzatuko du askotan istorioaren nondik norakoa». Hala, bizilekuaz gain beste hainbat esanahi hartuko ditu etxeak bere bigarren ipuin-liburu horretan: kanpo erasoen aterpea, intimitatearen gotorlekua, bakardadearen eremua... Tragedia ugariren kokaleku ere badela badio, «komunikazio-arazoen agertokia, hainbat obsesio eta miseriaren espazioa...».

«Orain arte gehien idatzi dudan ipuina izan da, eta horretan sentitzen naiz erosoen -dio-. Momentuz ez dut nobelarako jauzia egin nahi. Beldurra sortzen dit niri horrek, eta eleberri bat idatzeko uste dut ideia zoragarriren bat beharko dudala, horretan sartu eta denbora luze batez horrekin obsesionatzeko».

Gazteak egingo ditu gehienbat protagonista bere hurrengo liburu honetan -urtebete du lana prestatzeko-, eta bera gaztea izanik etxebizitzaren auziak zer- nolako buruhausteak dakartzan ere islatu nahiko luke bertan.

Bestalde, Irati Jimenezek (Mundaka, 1977) lortu du deialdi honetan accesita -3.000 euro eta argitaratzea-, «Ezinen ostatua» eleberriaren egitasmoarekin. «Malcolm X» haurrentzako biografiaz gain, aurretik «Bat, bi, Manchester» ere idatzi du, Ondarroako Zubikarai nobela laburren saria irabazi duena.

Nobelaren esparruan eroso dabil Jimenez, baina oraingoan idatzi nahiko lukeena ipuinei buruzko nobela da. «Nik badut ipuinen gosea -aipatu du-. Txikitan ipuinak kontatzen dizkigute lo egiteko, eta hori da nire bizitzako gogoeta politenetakoa». Hari horri tiraka, genero errealista gisa ezagutzen dena eta fantastikoa nahastuko ditu gazteak, gauza bakoitza zer den gehiegi ezberdindu gabe, «ezinezkoak posible egiten dituen ipuinak kontatuz» nolabait.

Hainbat pertsonaia agertzen eta beste horrenbeste istorio gurutzatzen dituen kontakizuna izango da. «Bilbon hasi, eta gero Amerikatik zein Bagdadetik ere pasatuko da puzzle zoro hau. Hiriz hiri ateratako argazkiak izango dira amua», esan duenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo